Illunbe erabilera anitzeko pabiloi bihurtuko dute
15.000 ikuslerentzako edukiera izango du eraikin nagusiak, eta zezenketak antolatzeko aukera mantendu du udal gobernuak.
Donostiako Udal Gobernuak Illunbe eta ingurua berritzeko aurreproiektua aurkeztu du. Eneko Goia alkateak eta Ane Oiarbide bozeramaile sozialistak eman dituzte xehetasunak. “Illunbe hiriak merezi duen erabilera anitzeko pabiloi bihurtuko da”, nabarmendu dute. Illunbe Berria izena jarri diote proiektuari.
Zezen plaza “zaharkitua” berritzeko prozesua abiatu dutela adierazi dute. Kirol, kultur eta erabilera anitzeko ekitaldiak hartuko dituen pabiloi bihurtzea da helburua. Proposamenak zezenketak mantentzea aurreikusten du. Udala dagoeneko harremanetan jarri da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin “ezinbestekoa izango den” finantzaketa zehazteko.
Pabiloia berritzeko 48 milioi euro aurreikusten ditu aurreproiektuak. Aparkalekua eta parkea egiteko 14 milioi euro aurreikusi dituzte, eta pasabide berria eraikitzeko 4 milioi euro. Orotara, beraz, 76 milioi inguru. Epeari dagokionez, 2030. urterako dena bukatuta eta erabilgarria izatea espero du udal gobernuak.
Illunbe berria
Udal gobernuaren proposamenak Illunbe berritzea, saihesbidearen gainetik pasabide bat egitea eta lur azpian aparkaleku handi bat sortzea aurreikusten du. Instalazio berriaren oinarria egungoa izango dela adierazi du Goiak: “Egungoa zati batean bere horretan geratuko da, baina bi kantxa izango ditu: nagusiak 15.000 ikuslerentzako edukiera izango du, eta bigarren kantxa osagarri bat egingo da edukiera txikiagoarekin (2.500 eta 3.000 ikusleentzako edukierarekin)”. Bigarren instalazio hori Gaska kiroldegiaren ordezkoa izango dela aurreratu du alkateak.
Era berean, proiektuak aurreikusten du instalazioa erabili ahal izatea kultur jarduerak antolatzeko. “Esaterako, tamaina ertaineko kontzertuak egiteko, baita jarduera sozialak antolatzeko ere, eta kontuan hartu ditu garrantzia duten beste hainbat gauza, besteak beste, segidakoak: sarrera irteerak, aparkalekua edo duela urte batzuk jarduera komertziala hartzen zuen eremuak izan ditzakeen etorkizuneko erabilerak”, azaldu du Oiarbidek.
Inguruko berrikuntzak
Aurreproiektuak inguruan honako berrikuntzak egitea aurreikusten du: ingurua berritzea, sarrera berria sortzea, egun dauden bideak aldatzea eta Anoeta kirol hiriarekin integratuta egotea “Illunbera oinez joateko bidea Anoeta kirol hiritik egingo da, high line berri bat sortuta. Hau da, kirol hiritik saihesbidearen gainetik kalitate handiko oinezkoentzako pasabide baten bitartez”, adierazi du Goiak.
Bestalde, egun Illunben dagoen bidea mendebalderantz eramango dute, eta Illunberen inguruan plaza handi bat egingo dute. “Egun erabilerarik ez duen eremu bat berreskuratuko dugu, eta bertan programatuko diren ikuskizunetara joaten diren pertsonentzako aisialdi eremua sortu”, esan du alkateak.
Illunbe inguruko bidea mendebalderantz eramatea eta aisialdi eremu berriaren sorrerak egun dagoen aparkalekua kentzea ekarriko du. Horri aurre egiteko, lur azpian, 1.000 ibilgailuentzako aparkalekua egingo da. “Hain zuzen ere, Illunbek berak zein Anoetan dauden jarduerei, esaterako Realaren partidak, zerbitzu emango die aparkalekuak. Gainera, hirira bisitari kopuru handiak etortzen direnean disuasio aparkaleku moduan erabili ahal izango da”, gaineratu du Oiarbidek.
Horrez gain, aurreproiektuak Illunbe Miramongo Parke Teknologikoarekin lotzeko aukera kontuan hartzen du. “Haiekin harremanetan gaude Illunbeko egungo instalazioaren aurrean dagoen eremu komertziala hartu ahal izateko, eta, horrela, Parke Teknologikoa handitu ahal izateko”, azaldu du Goiak.