Arte eszenikoen 54 emanaldik osatzen dute dFeriaren egitaraua
Martxoaren 16tik 20ra bitartean aurrera eramango dituzte hiriko hainbat antzokitan; sarrerak bihar jarriko dituzte salgai.
Eguerdian aurkeztu dute Donostia Kulturako arduradunek XXXI. dFeria jaialdiaren programazio eszeniko osoa. Aurtengorako esplotazioaren gaia aukeratu dute, eta hura ardatz duten 34 ikuskizun hautatu. Jakina denez, Martin Zimmermann konpainia suitzarrak hasiko du jaialdia Viktoria Eugenia antzokian egingo duen Danse Macabre obraren emanaldiarekin, eta amaitu, berriz, Montevideoko Sala Verdi eta La Dramatica Errante konpainien Filtro ikuskizunak. Bien artean aurrera eramango dute 54 emanaldiz osatutako programazioa.
Pieza gehienak, % 70, estreinakoz erakutsiko dituzte hirian: lau munduko estreinaldi izango dira, bi Europako, bi Estatuko eta hamasei Euskal Herriko. Erabateko estreinaldien artean, Hika Teatroaren Zorretan antzezlanaren gaztelaniazko bertsioa, Mi deuda. Diziplinei dagokienean, aldiz, %41 dantza emanaldiak dira, %38 antzerkiak, lau zirku ikuskizunak eta beste hiruak, diziplina anitzekoak.
Aurten 33 konpainiak parte hartuko dute eta Alemania, Austria eta Suitza dira herrialde gonbidatuak, hango erakunde publiko eta pribatuen lankidetzari esker. Horiez gain, Italia, Argentina, Errusia, Uruguai eta Kolonbiatik etorritako taldeak ere izango dira.
Ikuskizunetarako sarrerak bihar, otsailak 6, 11:30ean jarriko dituzte salgai Viktoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean. Ikusi programazio osoa hemen