Hamaika ekimen antolatu dituzte Emakume eta Neska Zientzialarien Egunaren harira
'Hazia erein' kontzeptua aukeratu dute zientzian berdintasuna lortzeko bidean ekintza bakoitzak aldea marka dezakeela nabarmentzeko.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da otsailaren 11 eta horren harira hainbat jarduerako egitaraua prestatu dute zientziaren esparruko 35 eragilek. Egitasmoaren xedea da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengorako “Hazia erein” kontzeptua aukeratu dute, haren bidez nabarmentzeko “ekintza txiki bakoitzak marka dezakeela aldea zientzian berdintasuna lortzeko bidean”.
Testuinguru horretan, 60 jarduera baino gehiagoko egitaraua aurrera eramango dute hilaren 7tik 14ra bitartean, EAEko hainbat txokotan. Askotarikoak dira eta adin guztietako jendeari bideratuak, “ekintza kolektibo txikiek denboran zehar irauten dutenek, eragin eraldatzailea sortzen dutela azpimarratzeko”. Besteak beste, Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur ekitaldiak hainbat ikerketa-arlotan lan egiten duten emakumezko zientzialariak bilduko ditu Donostian, Bilbon eta Gasteizen; ikerketa zentroetara bisitak egingo dituzte ikastetxeetako ikasleek eta belaunaldi arteko transmisioa sustatu nahi duen 55 urtetik gorako emakumeei bideratutako Esperientziaren boterea jarduera. Egitarau osoa eskuragarri dago www.emakumeakzientzian.eus webgunean.
Hauek dira bederatzigarren aldi honetan parte hartuko duten 35 eragileak: Achucarro, BCMaterials, Materialen Fisika Zentroa, CIC biomaGUNE, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU Informatika, UPV/EHU Kimika, Aranzadi Zientzia Elkartea, Basque Artificial Intelligence Center, Basque Centre for Climate Change, Basque Center for Applied Mathematics Basque Center on Cognition, Brain and Language, BioBizkaia, Biodonostia, Ceit, CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, Donostia International Physics Center, Elhuyar, Kutxa Fundazioa, Biofisika Bizkaia Fundazioa, Ikerlan, Ingeniariak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Mubil, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnalia, Tecnun, UPV/EHU Ingeniariak, Vicomtech, CIC bioGUNE, ESS Bilbao eta BBD BioPhenix SL-Biobide.