Itsas Museoak familiei zuzendutako 'Animaliak Ontzietan' erakusketa zabaldu du
Euskal Itsas Museoak abuztuaren 24ra arte ikusgai egongo den Animaliak ontzietan erakusketa inauguratu du gaur museoaren ganbaran. Bartzelonako Museu Maritimek sortutako eta Euskal Itsas Museoak egokitutako erakusketa honek, gizakiek eta animaliek ontzietan partekatutako historian murgilduko gaitu.
Familientzat bereziki sortua, erakusketa interaktiboa da eta esperientzia “ludikoa” eskaintzen du, photocall batekin eta haurrentzako jolasekin osatuta. Horrez gain, hezkuntza esperientzia aberastuko duten familia tailerren programazioarekin osatuko da.
Animaliak ontzietan
Animaliek eta gizakiek mendeetan zehar elkarrekin nabigatu dute ontzietan, animaliak ontziratu egin dira gizakientzat ezinbestekoak zirelako: nekazaritzarako, garraiorako, gerretarako zein jaki moduan… Ontzietako espazioak partekatu dituzte, 1960. hamarkadan animalien garraioa arautzen zuten legeak zorroztu ziren arte.
Alde batetik oiloak, oilarrak, txerriak, arkumeak etab. ontziratzen ziren marinelek bidaian zehar jan zitzaten. Bestalde, txakurren edo katuen moduko animaliek beren lan propioak zituzten. Tripulazioaren etsipenerako polizoi gisa ontziratzen zirenak ere bazeuden: arratoiak, txintxarriak, labezomorroak eta lurralde berriak inbadituz joan diren mota guztietako espezieak.
Panelez panel, mendeetan zehar bidaia horiek partekatu zituzten animalien eta pertsonen historia ezagutu eta esploratu ahal izango da.