Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak
Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.
Los Angelesko Unibertsitateak (UCLA) argitaratu gabeko hainbat bideo ikusgai jarri ditu bere webgunean. Tartean dira Espainiako 36ko gerrako ikus-entzunezko esanguratsu batzuk, eta Donostia ageri da horietako batzuetan. Baita ere, Gipuzkoako beste herri batzuetako eta Hego zein Ipar Euskal Herriko bideoak ere.
William Randolph Hearst prentsako magnatearenak dira filmazio zaharrak, eta UCLAri eman zizkion. Unibertsitateak, berriz, The Packard Humanities institutuaren esku utzi ditu. Hearst albiste agentziaren irudi horiek garbitu eta zaharberritu egin dituzte, eta, beraz, ohikoa ez den kalitatearekin ikusten dira.
Bideoetako batean, AEBetako enbaxadore Claude G. Bowers ageri da —1936ko abuztuaren 3an—. Kredituen arabera, Donostian adierazpen bat grabatu zuen 36ko gerraren hasieran, eta bideoan dio Espainiako estatubatuar guztiak salbu egon arte lan egingo duela. Beste filmazio batean, Donostiako bonbardaketa bat ageri da —1936ko abuztuaren 31n—. Zehazki, Urgull mendia ikusten den bideo zati bat ikus daiteke.