Kopatik edaten jarraitu nahi du Realak
Finalerdietara iristeko, txuri-urdinek Osasuna kanporatu beharko dute gaur iluntzean.
![Reala_Osasuna](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2025/02/reala_osasuna.jpg)
Kale edo bale. Ligako aurrez aurrekoan galdu ostean, Realak Kopakoa irabaztea besterik ez du. Horretarako, Osasuna mendean hartu beharko du Anoetako final-laurdenetako partida erabakigarrian (19:30). Soilik euskal taldeetako batek gaindituko du kanporaketa, eta txuri-urdinek arerioari ez ezik, kontrako estatistikei ere aurre egin beharko diete.
Bi taldeek elkarren aurka jokaturiko azken lau partidak irabazi dituzte gorritxoek. Badirudi neurria hartu diotela talde txuri-urdinari. Horrela ere, Realak denboraldi honetan erakutsi du estatistika ezkorrekin hausteko gaitasuna duela. Asteburuan Sadarren egindako akatsak zuzenduta, finalerdietatik gertuago izango dituzte. Gogoratu behar da Osasunak Reala menderatu zuela, Budimir aurrelariaren partaidetza erabakigarriarekin (2-1). Ordea, Kopa beste kontu bat da.
Imanol Alguacil entrenatzaileak ez du ziurtatu hamaikako titularraren alde egingo duen edo ez. Dena dela, oriotarrak duen izaera egoskorrari eusten badio, hasierako jokalariak zeintzuk izango diren aurreikusi daiteke. Remiro ariko da atean, eta ezustekorik ezean, Aihen —zeharo osatu bada—, Zubeldia, Aguerd eta Aramburu ariko dira atzeko lerroan. Erdian, berriz, Zubimendi eta Brais. Hirugarren jokalaria argitzeke dago; Olasagasti berritua edo Sucic. Erasorako ohikoen aldeko apustua egingo duela dirudi: Oiartzabal erdiko aurrelari gisa eta Kubo hegal batean. Eta bestean Sergio Gomez, Barrenetxea edo Becker.
Entrenatzaileak eta klubak nabarmendu duten beste gauzetako bat da taldeak Anoeta betetzea eta zaleen babesa behar duela. Hau da, hamabigarren jokalaria.