Bera Berak Norvegian du Europan beste urrats bat egiteko giltza
Donostiako eskubaloi taldeak Europa ligako multzoen faseko laugarren partida jokatuko du Fredrikstad Ballklubben aurka.

Garaipenak kateatzeko abilezia erakutsi du Bera Bera eskubaloi taldeak. Burua eta gogoa bi lekutan batera izatea ez da erraza. Horrela ere, partidak irabazten ari dira ligan eta Europa ligan. Herenegun, Elx menderatu zuten Gaska kiroldegian (19-14). Erasoan ez ezik, defentsako lanean ere ederki dabiltza. Igandean, berriz, Norvegiako Fredrikstaden aurka ariko dira Oslon, Europa ligako multzoen faseko laugarren jardunaldian (18:00). Gaskan ondo irabazi zieten (32-26), eta D multzoko bigarren postuan egonkortu ziren. Etzi irabazten badute, final-laurdenak eskura izango dituzte. Bestalde, klubak jakinarazi du Francisca Araujo Joao alboko angolarraren kontratua eten duela, jokalariak horrela eskatuta.
Futbolean, Realeko neskek azken porrota ahazteko beharra dauka. Real Madrilen kontra Zubietan izandako sentsazio ezkorrak atzean uzteko beste neurketa bat izango dute bihar, leku berean. Deportivo hartuko dute etxean, 17:00etan. Kopan kanporatu zituzten galiziarrak, eta ligako lehen itzulian ere gainditu zituzten. Beraz, estatistika on horiek baliatu beharko dituzte. Realeko mutilak, berriz, Anoetan ariko dira beste behin ere, baina ligan. Espanyolen kontra jokatuko dute etzi, 18:30ean. Kopako finalerdietara sailkatu ondoren, ligan goiko postuen trenaren bat egitea izango dute helburu.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek berriz ere etxetik kanpo jokatuko du. Dena dela, Moronen kontra bezain ongi aritzen badira, beste garaipen bat eskura dezakete. Oraingoan, Fuenlabradaren kantxan ariko dira bihar, 18:30ean. Horrez gain, Ibaeta Basketek ez du ligako partidarik izango, baina jokalari baten agurraren berri eman dute. Niyah Beckerek Donostiako taldea utzi du.
PARTIDAK
Eskubaloia
Europako ligaren multzoen fasea, 4. jardunaldia
- Fredrikstad Ballklubb – Bera Bera (etzi, igandea, 18:00)
Futbola
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Reala – Deportivo (bihar, larunbata, 17:00)
Gizonezkoen liga, 23. jardunaldia
- Reala – Espanyol (etzi, igandea, 18:30)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 19. jardunaldia
- Fuenlabrada – Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 18:30)