Kaldereroen zalapartak alaituko du Aiete, isilune luze baten ondoren
Ijito pertza konpontzaileen festak urtetan huts egin ondoren, berriro antolatzea erabaki du Aieteko Jai Batzordeak; auzotarrei ekarpena egin eta parte hartzeko aukera eman asmoz. Gaur aterako dira 18:00etan.

Pertza eta zartagin burrunba ostiral arratsaldean bueltatuko da Aieteko kaleetara inauteriak laster helduko diren mezua zabalduz. Urteak dira isildu zela, ikastetxeen inguruko oihartzuna salbu, eta aspaldiko tribuen oinordekoek galdutako ohitura berreskuratzea erabaki dute, kaleak mailu kolpe eta hungariar kantuekin alaituz. Haiek ikasi eta entseatzen aritu dira hainbat lagun azken egunotan Topalekuan, baina beren ibilbidean beste askoren ahotsa batzea espero dute.
Aieteko Jai Batzordearen ekimena bada ere, Asier Iriondo (Aiete, 1988) da sustatzaile nagusia. Haurtzaroko oroitzapenetan gordeta du Axular Ikastolako ikaskideekin batera etxe inguruan ibili zela kalejiran, baita auzoko tribuaren parte izan zela ere. «Lehen, duela 20-25 urte baino gehiago, ospatzen ziren kaldereroak, baina egiteari utzi zioten ni haurra nintzela. Oroitzapenak ditut: gurdia, erregina… baina ez dut ondo gogoratzen». Bi ohiturak galdu egin dira eta buruan sartu zitzaion Momoren mezulari zaratatsuak bueltan ekarriko zituela; ez festa kutuna duelako, auzoari ekarpena egiteko baizik. «Ez nuen imajinatuko ardura hartuko nuenik, jaiak ez ninduen horrenbeste motibatzen, baina egia da ilusioa badudala. Kaldereroak egin behar dira auzoan. Nahi horretatik abiatuta, ni dena emateko prest», zehaztu du.
«Proba-akatsa» da aurtengoa, baina saiakera arrakastatsua izango dela dirudi. Igandean egin zuten bi entsegu irekietako lehena eta 50 bat lagun batu ziren Aiete parkeko Topagunean, Iriondoren aurreikuspenak gaindituz. Ume kopuruak pozten du bereziki, izan ere, asmoa da ikastolan eta eskola publikoan oinarrituta, umeek ere auzoan elkartuta zerbait egitea, «bestela, badirudi ikastetxeak ere bakoitza bere aldetik doazela». Gaur auzotar asko agertzea ere espero du. «Itxura hori du, behintzat. Beraz, gogotsu».
«Auzoa egitea», helburu
Mailuak, pertzak eta zartaginak prest dituzte, baita Hungaria baino Ekialde urrunago batetik etorritakoen dendan erositako jantziak ere. Beste inor animatu ez denez, Iriondok hartu du konpartsa zuzentzeko ardura, baita gainerakoak banatzekoa ere, «ia-ia zuzenean, rolak finkatuta eta ezetz esateko aukera gutxirekin», hartza eta erreginak erabakita. Karrozarik ez dute oraingoan, baina, ondo bidean, datorren urtean gehituko dute.
Bertan ospatzen ez ziren edo desagertuak ziren festak berreskuratzeko ahalegina egiten ari da azken urteotan Aieteko Jai Batzordea
Abestiak ikastea kosta egingo zitzaiola uste bazuen ere, memoriaren gordelekuren batean zituen Iriondok. «Gezurra badirudi ere, hitz ia guztiak gogoratzen nituen. Pare bat aldiz entzun behar izan ditut, findu, baina bizikletan ibiltzea bezala, ez dira ahazten». Taldekide guztiek, ordea, ez dute zorte bera izan, eta batzuei ez zaizkie errazak iruditu. Haurrak, berriz, «nahiko fin eta beldurrik gabe» ikusi ditu. Harrobi ona duten seinale.
«Auzoa egin» eta bertan ahalik eta ekimen gehien aurrera eramateko nahiak bultzatuta, Aieten ospatzen ez ziren edo desagertuak ziren festak berreskuratzen dabil azken urteotan jai batzordea. Horren bidez, auzoak lotoki huts izateari utzi eta aktibatzeko ahaleginean murgilduta dabiltza arduradunak. Orain artekoan, jarduera guztiek izan dute harrera ona eta batzordeko kideak pozik daude aietearren erantzunarekin. Iriondoren esanetan, «jendea ari da konektatzen eta gazteek jada ez dute ‘lotsatu’ behar hemen ez delako ezer antolatzen».
San Joan bezperako sua edo Gau Beltza egutegian jarri dituzten moduan, kaldereroak itzuli dira, eta epe laburrean ez dira joango, ez, Aietetik. Data beraren bueltan, ordea, beste bat gehituko diote ziurrenera datorren urtean: Artzain eta inudeak. Iriondoren nahia aurten bertan egitea bazen ere, denbora gainera etorri zaio. Edonola, Gero Axular Dantza Taldearekin hitz egin du jada, 2026ari begira, galdu zen jai hori ere itzularazteko.