Kapitainak bideratu ditu finalerdietara
Realak Osasuna kanporatu du Kopako final-laurdenetako neurketa erabakigarrian (2-0).

Futbolaren legea da; batzuen zoriona, besteen zoritxarra. Realak dena alde izan zuen atzo, Anoetan. Kopan aurrera egiteko, aukera bakarra zuen Osasuna menderatzeko. Etxean jokatzea abantaila gisa uler zitekeen, zaleen aurrean aritzea garrantzitsua delako. Urduritasuna eta presioa zen desabantaila. Horrela ere, txuri-urdinek egoera kudeatzen asmatu zuten, arerioa kanporatu zuten, eta Espainiako Kopako finalerdiak jokatuko dituzte.
Ligako partida kaskarra gogoan, Kopako neurketaren lehen zatiak Sadarrekoa gogora ekarri zuen. Reala ez zegoen eroso, eta Osasunak baloia kontrolpean izan zuen. Markagailuan aurreratzeko aukerak ere izan zituzten. Zorionez, ordea, ez zuten asmatu. Realak bai, eta nola gainera. 21. minutuan Mikel Oiartzabalek pase ederra eman zion Ander Barrenetxea donostiarrari, honek defentsari izkin egin, eta baloia ate barrura bidali zuen.
Gorritxoak ez ziren kikildu, baina txuri-urdinek minutu onenak baliatu zituzten bigarren gola egiteko. 31. minutuan, Oiartzabalek Braisi eman zion baloia, eta honek ez zuen barkatu. Kapitainak, erdiko aurrelari gisa jokatuta, ez zuen golik egin, baina gehiago balio duten bi pase eman zituen. Osasunaren galera nabarmen areagotu zuen Catenari adierazitako txartel gorriak. Epaileak VAR-aren beharra izan zuen, gorritxoak Braisi jotako ostiko itsusia behar moduan zigortzeko.
Bi goleko errentarekin eta jokalari bat gehiagorekin, Realak norgehiagoka nahiko erraz kontrolatu zuen, eta emaitza horrekin bukatu zen. Taldearen joko maila aparta izan ez bazen ere, saria eskuratzea merezi izan zuten. Horrela, txuri-urdinak oraindik ere bizirik daude hiru txapelketatan: Ligan, Kopan eta Europa Ligan.
Kopako finalerdietako zozketa datorren asteazkenean egingo da, hilaren 12an, 13:00etatik aurrera. Kanporaketaren egutegiari dagokionez, joanekoa otsailaren 26an izango da, eta itzulerakoa apirilaren 2an. Esanguratsua da neurketa baten eta bestearen arteko distantzia denboran, baina horrela zehaztu zuen Espainiako Futbol Federazioak. Finala, berriz, apirilaren 26an jokatuko da Sevillako La Cartuja estadioan.