Irungo erailketa matxista salatu du mugimendu feministak

Urtea hasi zenetik hilabete eskas pasa den honetan, bigarren aldiz aktibatu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak erailketen aurkako protokoloa. Izan ere, otsailaren 4ean, Irunen, 47 urteko gizon batek bere ama sastakatu zuen, eta ordu batzuk geroago hil zen, zauri larrien ondorioz. Urte berri honetako bigarren hilketa matxista, alegia.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak adierazi duenez, “nazkatuta, nekatuta eta haserre” daude, baina, “prest erantzuteko eta Euskal Herriko edozein txokotan gertatzen diren hilketa matxista guztiak salatzera kalera ateratzeko”: “Prest gaude erakundeei eraso matxista bat gertatzen den bakoitzean minutu bateko isilunea egitea baino zerbait gehiago egiteko eskatzeko, eta indarkeria matxistaren konplize den orori ardurak exijitzeko, gizonei bereziki”.
Erailketa matxistak indarkeria matxistaren ondorio lazgarrienak diren arren, indarkeria matxistak “hamaika aurpegi” dituela adierazi dute: “Indarkeria matxista da emakumeon diru iturriak kontrolatzea, indarkeria matxista da kaletik begiradarekin akosatzea, indarkeria matxista da eraso bat salatzen dugun bakoitzeko gure hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista da gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea eta hartu beharreko ardurei entzungor egitea, eta indarkeria matxista dira egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabe bat, zoritxarrez”.
Aldarrikatu dute “errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazkoa mekanismoak” behar direla, eta egungo erakundeen “pasibotasunaren” eta gizartearen “konplizitatearen” ondorioz, emakumeen aurkako erasoek “etenik ez dutela” salatu dute.