Denboraldia ondo abiatu dute afizionatu mailako txirrindulari donostiarrek
Aimar Alarciak, Aitor Agirrek eta Unax Beteluk beraien talde berriekin egin dute debuta.

Hasi da afizionatu mailako txirrindularitza denboraldia, eta Donostiak hainbat ordezkari ditu tropelean. Esaterako, Donostialdea Bizikletan taldeko harrobian hazitako hiru txirrindulari gazte: Aimar Alarcia, Aitor Agirre eta Unax Betelu.
Alarciak bigarren urtea du afizionatuetan, eta dagoeneko egin du debuta Telcom-On Clima-Oses talde nafarrarekin. 23. postuan bukatu zuen otsailaren 1ean jokatu zen Ipar Euskal Herriko Boucles de I’Essor lasterketa. Iaz, Zarauzko Eulen-Nuuk taldean aritu zen Erdialdeko ziklista.
Agirre Euskal Herrira bueltatu zen Alemaniako esperientziaren ondoren, eta Euskadi Fundazioarekin sinatu zuen. Hiru lasterketetan parte hartu du Loiolako Erriberakoak, eta emaitzarik onena hilaren 8ko Nafarroa Behereko Tourrean lortu zuen. 16. postuan sailkatu zen Essor Basque lehiaketaren azken proban, eta, gainera, talde onenaren saria eskuratu zuen gainerako kideekin batera.
Beteluk lehen urtea du afizionatu mailan, Donostialdea Bizikletanekin txukun aritu ondoren gazte mailako bigarren urtean. Zarauzko Eulen-Nuuk taldeak eman zion aukera, eta hasi da lehiatzen. Ipar Euskal Herriko Essor Basque zirkuituko lau probatan parte hartu zuen, eta bat izan ezik, gainerako guztiak bukatu zituen.