'Marco' filmak bi Goya sari, Alberto Iglesiasek dagoeneko hamabi

Donostiak presentzia nabarmena izan zuen 39. Goya sarietan. Larunbat gauean egin zuten gehiegi luzatu zen ekitaldia Granadan (Andaluzia, Espainia). Alberto Iglesias konpositore donostiarrak bere hamabigarren Goya saria jaso zuen Pedro Almodovarren La habitación de al lado filmeko soinu bandagatik. Sareetan batek baino gehiago adierazi zuten Urrezko Danborra irabaztea falta zaiola Iglesiasi.
Bestalde, Moriarti ekoiztetxeko Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzenduriko Marco filmak bi Goya sari eskuratu zituen: gizonezko aktore onenarena (Eduard Fernandez) eta makillaje eta pelukeria onenarena. Karmele Soler donostiarrak jaso zuen saria makillaje taldeko buru gisa Sergio Perez eta Nacho Diez kideekin batera.