Realak batu ditu behar zituen puntuak
Txuri-urdinek Espanyol gainditu dute azken unean, Anoeta futbol zelaian (2-1).

Ligan berriz ere irabaztea ezinbestekoa zen Realeko mutilentzat, eta kostata bada ere, atzo iluntzean lortu zuten. Hiru porrot kateatu ostean, Espanyoli irabazi zioten Anoetan, azken minutuetan egindako gol bati esker (2-1). Izan ere, minutua bete ez zenean aurreratu zen Reala markagailuan Sheraldo Beckerren gol bati esker. Bigarrena egiteko aukera garbiak izan zituzten, baina aurkariaren atezaina fin ibili zen. Bigarren zatian, berriz, kataluniarrak partida berdindu zuten penalti bat baliatuta. Puntuak banatuko zirela uste zenean, jokaldi bihurri batean, Brais Mendezek baloia sareetara bidali zuen. Garaipenak Europako postuetara hurbiltzeko eta jaitsierakoak atzean uzteko balio izan dio taldeari.
Realeko neskek ere irabaztea zuten helburu Zubietan, aste tarteko porrota ahazteko. Tamalez, ordea, berriz ere galdu egin zuten txuri-urdinek etxean, Deportivoren aurka (1-2). Markagailuan aurretik jarri ziren Elene Guridiren gol batekin, baina bigarren zatia hasi orduko dena okertu zen. Elene Lete atezainari txartel gorria adierazi zioten, eta hamar jokalarirekin geratu zen Reala. Gainera, minutu gutxian bi gol egin zituzten galiziarrek. Bi partida jarraian galduta, sailkapeneko bosgarren postura jaitsi dira, eta hurrengo neurketa erabakigarria izango da. Euskal derbia jokatuko dute Athleticen kontra, San Mamesen. Hain zuzen ere, zuri-gorriekin batera sailkapenean berdinduta daude, 32 punturekin.
Eskubaloian, Bera Berak eskura zuen Europa ligako final-laurdenetarako txartela, baina huts egin zuten Norvegian, Fredrikstad Ballklubb-en kontra (33-24). Tira, hobeto esanda, norvegiarren Romer atezainarekin topo egin zuten. Aldiz, Karsten bederatzi golekin —bost penaltiz–, izan zen donostiarren jokalari esanguratsuena. Bi partida irabazi eta bi galduta, puntuak batu behar dituzte multzoen ligaxkan falta diren bi partidetan.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek ezin izan zion eskua sartu Fuenlabradari. Ondo moldatzen ari ziren etxetik kanpo, baina talde madrildarraren aurka amore eman behar izan zuten (92-80).
EMAITZAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 23. jardunaldia
- Reala 2 – Espanyol 1
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Reala 1 – Deportivo 2
Eskubaloia
Europako ligaren multzoen fasea, 4. jardunaldia
- Fredrikstad Ballklubb 33 – Bera Bera 24
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 19. jardunaldia
- Fuenlabrada 92 – Gipuzkoa Basket 80