Erregezaintza kalea eta Heriz pasealekua lotzeko igogailuaren proiektua eguneratu dute
Bost urte baino gehiago igaro dira udalak aurreneko proiektua onartu zuenetik.

Atzerapenak atzerapen, Donostiako Udalak Erregezaintza kalea eta Heriz pasealekua lotzeko lehen igogailuaren proiektua eguneratu du. Aurrekontua igo egin du udalak, eta, orain, 1.354.060 eurokoa da. Lanak egiteko epea, berriz, zortzi hilabetekoa da.
Hasieratik, proiektuak “zailtasun ugari” izan dituela azaldu du Eneko Goia alkateak: “Pribatua zen lursail bat desjabetzeak dena atzeratu du. Ondoren, proiektuaren diru kopurua eguneratu behar izan dugu, zaharkitua geratu delako”. Proiektu berria adjudikatzeko lehiaketa publikoa “hamabost bat egunetan” abian jartzea espero du alkateak.
Lehen igogailura sartzeko pasabidea egingo dute Erregezaintzako 26. eta 28. zenbakiek alboan dituzten eskaileren hasieran. Goiko aldean, berriz, Heriz pasealekuarekin lotura egiteko beste pasabide bat eraikiko dute.
Lau igogailu
Antiguako beheko aldea goikoarekin lotzeko lau igogailu daude aurreikusita. Ordea, oraindik ez da bakar bat ere eraiki. Goiak adierazi du udalaren lehentasuna aurreneko igogailua eta laugarrena direla, “bigarrena eta hirugarrena desnibel txikiagokoak” direlako.
Erregezaintza 26. eta 28. zenbakiak eta Heriz pasealekuaren 21. zenbakia dira igogailuen bidez lotuko dituztenak. 52 metroko desnibela erraztuko du.