Hiriko aparkalekuetan bertakoek autoa uzteko abonuak onartu ditu udalak

Donostiako Udalak onartu du hiriko aparkaleku publikoen enpresa emakidadunari baimena ematea, TAO 1-1, 1-2, 2-1, 2-2 eta 2-3 sektoreetan egoiliar gisa baimendutako autoentzako abonuak komertzializatzeko. Zerbitzua datozen egunetan jarriko dute martxan.
Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, “abonu hau udan hiriko aparkalekuekin lortutako akordioari esker sortu da, aparkaleku horiek modu egokiagoan erabiltzeko helburuarekin, inguruko hiritarrei urte osoan zehar mesede eginez”. Horrekin batera, aurreratu du beste ibilgailuentzako abonuak onartzeko asmoa dutela. Hala nola, motoentzat, bizikletentzat eta patineteentzat.
Abonuari esker, 19:00etatik hurrengo eguneko 10:00ak arte aparkatu ahal izango da, urteko egun guztietan. Egonaldi bakoitzak bi euroko prezioa izango du. Horrela, Erdialdeko (1-1, 1-2), Groseko eta Egiako (2-3) sektoreetako bertakoek horretaz baliatzeko aukera izango dute, Telpark enpresaren aplikazioaren bitartez.