Illunbe Berrian «zezen plaza zaharra» jartzea salatu du Eguzkik
Udal gobernuak Donostian zezenketak egiten jarraitzeko aukera berriz ere diru publikoz finantzatu nahi duela salatu du Eguzkik.

Eguzki talde ekologista oso haserre agertu da Donostiako Udal Gobernuak aurkeztutako Illunbe Berria proiektuarekin, zezen plaza mantentzeko asmoa agertu duelako.
Talde ekologistak salatu du ez dela egia “Goiak azken urteotan behin eta berriz errepikatu duen leloa”. Alegia, “Udalak ez duela zezenketekin zerikusirik, eta ekimen pribatua baino ez direla”. Gaineratu dutenez, zezen plaza alde batera uzteak “zaharberritze lanak erraztuko” dituela uste dute.
Honela, Eguzkiren ustez, “hemendik aurrera ezingo da esan, orain arte bezala, Donostiak zezen plaza duela amarru urbanistiko historikoen ondorioz, baizik eta udal gobernuak berariaz hala erabaki duelako. Donostiarrok urte hauetan guztietan zezen plaza urre prezioan ordaindu dugu, eta hemendik aurrera ere hala izaten jarraituko du”.
Eguzkik argi du “donostiar gehienok ez dutela nahi udal instalazioak erabiltzea zezenak hiltzeko”. Gogora ekarri du udalak berak 2017an enkargatutako inkesta batek agerian utzi zuela herritarren % 71 horren aurka zegoela. Udalak datu hori zilegitzat jotzen ez badu herri galdeketa bat egitea proposatu dute, “herritarrek gai honi buruz duten iritzia adierazteko aukera izan dezaten”.