Dbiziko langileek bi orduko lanuztea egin dute beren egoera salatzeko
Protesta egin duten bigarren eguna da, eta lan baldintzak hobetzen ez dizkieten bitartean kalera ateratzen jarraitzeko asmoa dute.

Dbizi Donostiako bizikleta publikoen zerbitzuko langileak lan baldintza txarrak duintzeko borrokan ari dira, eta euren aldarrikapenak kalera atera dituzte berriro. Otsailerako deitu zituzten lau lanuzteen bigarrena egin dute gaur Carlos Santamaria liburutegiaren aurrean. LAB sindikatuak ohar batean jakinarazi duenez, Dbiziko langileen ordezkariak bi aldiz elkartu dira enpresaren arduradunekin, baina ez dute “gatazka konpontzeko borondate handirik” ikusi. Aldi Baterako Enpresa Elkartea osatzen duten enpresek ardura nagusia udalarena diote eta “honek ezer egin ezean” ezinezkoa izango dela egoerari konponbidea ematea.
Hori horrela, langileek “ezinbestekotzat” jo dute Donostiako Udalak, Dbusek eta Dbizik arduraz jokatzea eta beharrezko neurriak hartzea; eta jakinarazi dute lan baldintzak hobetzen ez dizkieten bitartean kalera atera eta bizi duten egoera salatzen jarraituko dutela.
Aldaketarik ez bada, beraz, hurrengo asteazkenean, hilak 19, Bretxa azokan elkarretaratzea egingo dute, 9:30etik 10:30era bitartean. Dbiziren erabiltzaileak eta herritarrak deitu dituzte parte hartzera eta langileei babesa adieraztera.