Elkarrekin Donostiak berriz ere eskatu du Loiolako Kuarteletako etxebizitzen %80 babestua izatea

Loiolako Kuarteletako etxebizitzen proiektua Udalak aurreikusi bezala berretsi dela jakin denean, Elkarrekin Donostiak gogorarazi du lehentasuna izan behar dela proiektuan etxebizitza publikoa “maximizatzea”. Orain arte udal gobernuak etxebizitza publikoaren %40az hitz egin du, eta hori Etxebizitzaren Euskal Legeak eskatzen duen “gutxienekoa” dela argitu du Victor Lasak. Gainera, Lasak gogorarazi du etxebizitza publikoaren %40aren balorazioa egin izanak lurren erosketa garestitu zuela, 73 milioi eurotan baloratuta.
Elkarrekin erakundearentzat, inbertsio publikoaren maila hori onura publikoarekin bat etorri behar da, ez pribatuarekin. “Onartezina litzateke guztion diruarekin lur horiek etxebizitza-sustatzaile pribatuen eskura jartzea”, adierazi du Lasak. “Egin dezagun kontrakoa, Loiola alokairuko etxebizitza publikoen birika bihurtzea, gure gazteek arnasa har dezaten azken 40 urteetako EAJren politikak bizitzera behartzen gaituzten Donostiako higiezinen sektore itogarrian”, amaitu du.
Gainera, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoak epe luzerako onura sozio-ekonomikoak kontuan hartu beharko dituela adierazi du. “Nazkatuta gaude udal gobernua etxebizitza publiko gehiago eranstearen ustezko bideraezintasun ekonomikoan oinarritzen delako, kalkuluan ez duenean sartzen hainbat aldagaik dakarten onura sozial eta ekonomikoaā, azaldu du Lasak.
Amaitzeko, adierazi du Elkarrekin taldeak hainbat aldiz eraman dituela osoko bilkurara proiektuan etxebizitza publikoa %80ra arte handitzeko ekimenak, eta talde politiko guztiek baztertu egin dutela hori, “eta hori ulertezina da, proiektuaren izaera publikoa kontuan hartuta, eta hainbat erakunde publiko inplikatu daitezkeela finantzaketan. Izan ere, urrunago iritsi behar da, proiektuko etxebizitza guztiek publikoak izan beharko lukete”, amaitu du Lasak.