«Gero eta argiago geratzen ari da olatu euskarafobo baten aurrean gaudela»
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteak deituta, elkarretaratzea egin dute arratsaldean, Alderdi Ederren.

Pasa den astean, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Donostiako Udalak udaltzain izateko euskarazko B2 maila baliogabetzen zuen sententziaren aurka aurkeztutako kasazio helegitea. Horren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteak “erabaki atzerakoia” salatu zuten. Aldiz, gaur arratsaldean, elkarretaratzea egin dute Alderdi Ederren, udaletxearen aurrean.
Bagera elkarteko kideek adierazpen bat irakurri dute elkarretaratzea bukatzean. “Oldarraldi judizialak ez du etenik. Sententziaz sententzia gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo baten aurrean gaudela. Atzo bidezkoa zena, ilegala da gaur”, deitoratu dute.
Auzitegiaren azken ebazpena “udalaren eskumenaren eta herritarren hizkuntza eskubideen kontrakoa” dela gaineratu dute: “Berriz ere, bigarren mailako herritar izatera kondenatu nahi gaituzte. Berriz ere, arrotz sentiarazi nahi gaituzte gure herrian. Euskararekiko konplexuak, aurreiritziak eta gorrotoa elikatu nahi dituzte, diglosia betikotu”.
Adibide moduan, donostiarrek Udaltzaingoarekin harremanetan izandako hizkuntza eskubideen urraketa batzuk aipatu dituzte. Izan ere, asko dira Behatokiak jasotako salaketak.
Baliogabetutako lan deialdiak urraketa horiei konponbidea jartzen hasteko borondatea zuela gogoratu dute. “Baina epaitegien erabakiaren erruz, hori ez da posible izango. Horregatik, gogor salatu nahi dugu botere judizialaren injerentzia hau eta, era berean, gure eskubideak egiazki bermatuko dituen, euskararen ezagutza eskubide sozial eta unibertsala izatea lortu eta euskaraz bizitzea posible egingo duen zoru berri bat, arkitektura juridiko berri bat aldarrikatzen dugu”, nabarmendu dute.