LAB haserre, euskararen kontrako epaiekin: «Euskaraz bizitzea eta lan egitea ezinezkoa bihurtu nahi dute Donostian»

Donostiako Udaleko LABen sail sindikalak EAEko Auzitegi Gorenak Udaltzaingoaren inguruan eman duen azken ebazpena “irmoki” salatu du: “Bere egikaritzapenak lortuko duen helburua Donostian eta, beraz, Euskal Herriko hiriburu euskaldunenean euskaraz bizitzeko hautua egin duten herritarren hautua zapuztea baita”. Donostiako Udalean udaltzaina izateko ez dagoela euskara jakin beharrik adieraztea, euskal komunitatearen aurkako erasoa dela uste du sindikatuak.
Sindikatuak adierazi duenez, handia izan da urteotan Donostiako Udalak bideratu duen euskararen normalizaziorako prozesua, 1982ko Euskararen Legea indarrean sartu zenetik. “Donostiako Udalak garatu dituen sei Plagintzaldietan asko izan dira beren burua euskaldundu duten udal langileak, udaltzainak barne, eta gero eta gehiago dira euskara lan hizkuntza gisa duten Donostiako Udaleko atal euskaldun eta elebidunak”.
“Tamalez, atzeraka goaz, inboluzio prozesu argian”, adierazi du LABek. “Duela oso gutxi arte legezkoa zena ‘baztertzailea’ bihurtu dute, baita debekatu ere. Legea ez da aldatu, beraien interpretazioa da aldatu dena eta okerrerako bidean gainera”.
Bi arrazoi nagusi ekarri dituzte mahai gainera: Batetik, euskararen normalizazio prozesuaren arrakasta, eta, bestetik, “indar politiko espainolisten inpultso politiko argia”. Sindikatu abertzalearen ustetan, “gaztelaniaren hegemonia arriskuan ikusten dute”.
Honela, LABek uste du, ebazpen honek ez duela euskara erasotzen, “euskaraz bizi nahi duen euskal komunitatea baizik”. Gaur eguerdian Donostiako Udalaren atarian egingo den elkarretaratzera deitu dituzte udal langileak eta arratsaldeko 18:30ean, toki berean, herritarren kontzentrazioan parte har dezaten dei egiten diete donostiar guztiei.