Aemet erakundearen Intxaurrondoko egoitza eraisten hasi dira

Pasa den abenduan, Intxaurrondoko Etxaide Borda eraikina (Parada baserria, 48) partzialki botatzea onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak. Bi hilabete inguru beranduago hasi dira eraikina eraisten, eta soilik hormigoizko egitura mantenduko dute.
Espainiako Estatuko Meteorologia Agentziaren (Aemet) Euskal Herriko Lurralde Ordezkaritzaren egoitza izan zen urte luzez, 2015ean ixtea erabaki zuten arte. Ordutik, eraikina utzita egon da, eta hainbat sute izan dira egoitzaren barruan. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak eraikinaren zati bat eraitsi eta suteek kalteturiko guneak konpontzea erabaki zuen. Lan horiek egiteko 1.389.300 euroko aurrekontua onartu zuten.
Dena dela, jabetzaren inguruko erabakirik ez dute hartu. Iazko urrian, EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen Espainiako Senatuan, Espainiako Gobernuari eskatzeko “eraikina doan lagatzeko udalari, interes publikoko xedeetarako”. Azaroko udalbatzarrean, berriz, Donostiako Udalbatzak aho batez onartu zuen Aemeten egoitza zaharraren inguruko mozio bat. Zehazki, Espainiako Gobernuari eraikina Eusko Jaurlaritzari lagatzeko eskatzea adostu zuten, zuzkidura etxebizitzak egiteko. Mozio arrunta EH Bilduk aurkeztu zuen, baina EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Donostia udal taldeen zuzenketarekin onartu zen.