Aldundiak onartu du Txillida Lekuraino joango den bidegorriaren proiektua

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura eta Lurralde Estrategia Departamentuak Añorgako Errekalde auzunea eta Hernaniko Galarreta lotuko dituen bizikleta eta oinezko bidea eraikitzeko prozesua hasi du, azkenean. Proiektuak GI-2132 errepidearen ibilbidea Txillida Leku museotik urrunduko du, eta 4,6 milioi euroko aurrekontua izango du, hamabost hilabeteko egikaritze epearekin.
Urteak dira proiektuaz hitz egiten dela, eta dagoeneko, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu du proiektua. Bertan jasotzen denez, proiektu berriak barne hartzen du GI-2132 errepidea Txillida Leku museoaren eremutik aldentzea, errepidearen eta finkaren artean eremu libre bat sor dadin, bizikleta eta oinezko ibilbidea ezarri ahal izateko, zuhaitzak moztera eta museoko lurrak okupatzera behartu gabe.
4,6 milioiko kostua
Bizikleta eta oinezkoen bidea Errekaldeko biribilgunean hasiko da, bertatik igarotzen baita Donostia eta Lasarte-Oria lotzen dituen bidegorria, eta Galarreta auzoan amaituko da, bertan hainbat industria, kirol, merkataritza eta hezkuntza instalazio baitaude. Horrela, ibilbide berriak pertsonen eta motorrik gabeko ibilgailuen joan-etorri segurua ahalbidetuko du Gipuzkoako hiriburuarekin eta Lasarte-Oriarekin duen loturan.
Proiektua abian jartzeko, 4.651.572,98 euroko oinarrizko aurrekontua (BEZa barne) eta hamabost hilabeteko egikaritze epea ditu proiektuak. Guztira, trazaduraren distantzia 1,5 kilometrokoa izango da, eta oinezkoentzako eta bizikletentzako bideak hiru metroko zabalera izango du, baita metro bateko bazterbidea ere, GI-2132 errepidearen lerro zuriaren eta ibilbidearen babes-hesiaren artean.