Hotzari aurre egiteko erremedioa
Realak Midtjyllanden kontra jokatuko du gaur Danimarkan, Europa ligako final-hamaseirenetako joanekoa (18:45).

Zero azpiko tenperatura iragarri dute Herningen (Danimarka), gaur arratsalderako. Beraz, beroketak ondo eginda atera beharko dira Realeko jokalariak zelaira. Midtjylland etxeko taldea topatuko dute aurrez aurre, Europa ligako final-hamaseirenetako joaneko partida erabakigarrian (18:45).
Txuri-urdinek hotzari, arerioari eta Europako kanporaketen mamuari aurre egin beharko diote. Noski, erremedioa bat eta bakarra da: irabaztea. Horretarako, estu hartu beharko dituzte danimarkarrak, ez direlako kasualitatez sailkatu. Horren ezagunak ez badira ere, ez dira batere makalak. Nolanahi ere, golak behar ditu Realak aipaturiko faktore guztiak gainditzeko, eta final-zortzirenetarako bidea errazteko.
Hamaikakoan aldaketak egin beharko ditu Imanol Alguacilek. Batez ere, atzeko lerroan. Aihenek eta Zubeldiak ez dute bidaiatu, eta beste bik hartu beharko dute haien lekua. Javi Lopezek batetik, eta, bestetik, Aritz Elustondok edo Pachecok. Laukotea osatuko dute, okerrik ezean, Aguerdek eta Aramburuk. Erdian, berriz, Zubimendi, Brais eta Olasagasti izan daitezke titularrak, Sucicen zalantzarekin. Azkenik, erasorako ikusteko dago Oskarssonen alde egingo duen entrenatzaileak. Hotzari aurre egiteko beste elementu bat izan daiteke islandiarra. Gainerakoan, Kubo eta Becker izan daitezke hegaletako osagarriak. Bestela, Oiartzabal eta Barrenetxea ariko dira hasieratik.
Kanporaketari dagokionez, mamurik ere bada, aipatu moduan. Izan ere, Realari hurrengo pausoa ematea falta zaio Europan. Ligaxkak gainditu bai, baina hurrengo kanporaketan jausi izan da azken urteotan. Muga hori bera gainditzeko unea da?