Baserritarrak Arrandegi eraikinaren beheko solairuan kokatuko dituzte
Behin betiko postuak Arkuak eraikinaren atzean jartzeko lanak eten ditu Donostia Sustapenak.

Bretxako baserritarrekin bueltaka jarraitzen du udalak. Iragarritako epe bakoitzeko, atzerapenak ugaritu dira. Orain, baserritarren behin betiko postuak Arrandegi eraikinaren beheko solairuan jartzea erabaki du Donostia Sustapenak, Bretxaren egungo emakidadunak. El Diario Vasco egunkariaren bidez eman dute albistea.
Hori dela eta, dagoeneko adjudikatu eta hastear ziren lanak eten ditu Sustapenak. Izan ere, Arkuak eraikinaren atzean postuak kokatzeko markesina handi bat eraikitzea onartu zuen udalak. 686.000 euroan adjudikatu zituzten lanak, eta obra bertan behera uzteagatik eragindako kalte ordaina jasoko du enpresa adjudikaziodunak. Zehazki, lanen %6, 50.000 euro inguru.
Sustapenak merkataritza eremua berrantolatzea erabaki du. Baika aurreko enpresa emakidadunak, salmentarako lau edo bost establezimendu aurreikusi zituen Arrandegi eraikinaren beheko solairuan. Hain zuzen ere, espazio horietan kokatuko dituzte baserritarren behin betiko hamabi postuak.
Baserritarren joan-etorriak
2019ko martxoan San Juan kaletik Arrandegi eraikinaren aurrera lekualdatu zituzten. Epe motzean, Arkuak eraikinaren atzean kokatuko zituztela esan zieten. Ordutik, sei urte betetzear direnean, jakinarazi diete Arrandegi eraikin barrura sartuko dituztela. Hasierako aldaketarekin ez zeuden konforme baserritarrak, eta Sustapenak harturiko azken erabakiarekin ezta ere.