Izozteari aurre eginda, Reala bizirik dago
Txuri-urdinek Midtjylland mendean hartu dute Danimarkan, Europa ligako final-hamaseirenetako joanekoan (1-2).

Irabazteak berotzen du gorputza, eta Realaren kasuan, kanporaketa bideratu du. Txuri-urdinak zero azpiko tenperaturarekin aritu ziren atzo, Danimarkako Herning herrian. Midtjylland taldea izan zuten parean, eta espero bezain zaila izan zen etxekoei aurre egitea; giro hotzagatik, zelaiaren egoeragatik eta aurkariak jarritako zailtasunengatik. Horrela ere, Europa ligako final-hamaseirenetako joanekoan nagusitu ziren (1-2), eta gol bateko abantaila izango dute itzulerarako.
Norgehiagoka parekatua izan zen, aipaturiko baldintzez harago. Midtjyllandek izan zuen markagailuan aurreratzeko lehen aukera garbia, baina zutoinera bidali zuten baloia. Beste bi argi ere izan zituzten, baina Marrerok, Realeko atezainak, ondo gelditu zituen. Txuri-urdinak Braisi egindako penalti baten bidez egin zuten lehen gola, 11. minutuan. Galiziarrak ez zuen hutsik egin. Bigarrena, berriz, Take Kubo japoniarrak sortu eta borobildu zuen. Ezkerkada batez, sekulako gola egin zuen, 31. minutuan. Etxekoak ez ziren kikildu, eta 38. minutuan asmatu zuten. Buksa aurrelari poloniarrak aurrea hartu zien atzelari txuri-urdinei. Bigarren zatian, Realak kontrolpean izan zuen partida, eta hirugarren gola egiteko aukerak izan zituzten.
Itzulerako partida erabakigarria otsailaren 20an jokatuko da Anoetan, 21:00etan.