Txuri Urdinek hirugarren liga nahi du
Izotz hockey taldeak titulurako finalerdietako lehen partida jokatuko du etzi, Puigcerdaren pistan (15:30).

Emakumezkoen ligaren fase erregularra bigarren postuan bukatu zuen Txuri Urdin izotz hockey taldeak. Horrela, titulurako lehian lau talde onenak ariko dira. Finalerdietan, Puigcerda hirugarren sailkatuaren kontra jokatuko dute donostiarrek. Lehen partida etzi dute, arerioaren izotz pistan, 15:30ean. Han irabaziz gero, kanporaketa bideratu dezakete, gainerako partidak Donostian jokatuko direlako —otsailaren 22an, eta hirugarrena behar izanez gero, otsailaren 23a—. Azken batean, hirutik bi partida irabazi behar dituzte finalera iristeko. Beste finalerdian, berriz, Majadahonda lehen sailkatuak eta Huarte laugarrenak neurtuko dituzte indarrak.
Eskubaloian, Bera Berak Europa ligaren multzoen faseko bosgarren partida jokatuko du etzi, Parisen (16:00). Hain zuzen ere, Paris 92 taldearen kontra ariko dira. Etxean emandako maila eta lorturiko garaipenak, etxetik kanpo berrestea falta zaio talde donostiarrari. Norvegian eta berriki Malagan galdu ostean, irabazteko ordua da.
Futbolean, Realeko neskek Athleticen aurkako euskal derbia jokatuko dute San Mamesen etzi, 12:00etan. Ligan bosgarren postura jausi ondoren, gora egiteko aukera paregabea dute zuri-gorriei irabazita. Kopari agur esanda, sentsazioak ez dira onenak, baina urrezko hiru puntuak batzen ahaleginduko dira. Realeko mutilek, berriz, Europa ligako garaipenaren zapore gozoari jarraipena eman nahiko diote ligan. Etzi, Sevillan jokatuko dute Betisen kontra (21:00). Irabazten duenak Europako postuetan lekua egiteko aukera izango du.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek azkar ahaztu beharko dute atzoko ezina. Izan ere, Joventuten aurka galdu zuten Gaska kiroldegian (56-66). Ez zuten neurketa txarra jokatu, baina ez asmatzeak asko zigortzen du talde donostiarra. Penak kitatzeko, euskal derbia dute zain etzi, Gernikan (18:00). Bestalde, Gipuzkoa Basketek ere berriki izandako porrota baztertu beharko du etzi Illunben, Palentzia talde indartsuaren kontra (18:00).
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako titulurako kanporaketa, lehen finalerdia
- Puigcerda – Txuri Urdin (etzi, igandea, 15:30)
Eskubaloia
Europa ligaren multzoen fasea, 5. jardunaldia
- Paris 92 – Bera Bera (etzi, igandea, 16:00)
Futbola
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Athletic – Reala (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen liga, 24. jardunaldia
- Betis – Reala (etzi, igandea, 21:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 21. jardunaldia
- Gernika – Ibaeta Basket (etzi, igandea, 18:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 21. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Palentzia (etzi, igandea, 18:00)