Umoretik errealitateaz pentsarazteko satira dakar dibertimenduak
Tradizioa oinarri, baina tokira egokituta, neurrira egindako festa atondu dute laugarrenez Añorgan. Hilaren 22an, jai giroz jantzita, azken urtean auzoan zeresana eman duena gainbegiratuko dute.

Santa eskeetako makil kolpe erritmikoak, kaldereroen burrunba alaiak eta inauterietako dantzak. Lurra lozorrotik atera eta negua amaitzeko festak bata bestearen atzetik datoz otsailean. Añorgak, gainera, libertimendua ere badu. Ipar Euskal Herriko inauterien erritua buruan, 2022an berera ekarri zuten Gari Otamendi dantzariak eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak, eta jada, bere lekua egin du.
Udaberriaren iratzartzeari loturako festa da libertimendua. Bere berpizkundea Donibane Garazin hasi zuen Garaztarrak taldeak 2006an Antton Lukuren ekimenez, eta hedatzean erabakigarria izan da hark idatzitako Libertitzeaz liburua. Añorgan eredu izan dituzte azken bi hamardakotan Euskal Herrian inauteri erritu hori birsortu duten ekimenak, Iruñeko Iruinkokoa kasu, baina baita bestelako formatua duten Eibarko koko dantzak ere. Otamendiren hitzetan, «izugarrizko ondarea» bildu dute, eta, aldi berean, garrantzi handiko zerbait erakutsi: egingarria dela.
Tradizioa berreskuratu zuten, eta traizio egin gabe, iturri zaharretatik jasotakoa berrikuntzarekin uztartu zuten. «Toki askotan dagoen inauteri eredu bat gure parametroetara, gure beharretara, gure gorputz, musika eta ahozko hizkuntzara ekarrita; gure neurrira egindako inauteri bat sortu dugu», argitu du Otamendik. Bai egitura bai sortze sistema tradizionalak badira ere, oinarri horren gainean egindako guztia berria da. Hala, Donostiako inauterietako eta neguko festetako kantak hautatu zituzten dantzetarako, eta horiek osatzeko Gipuzkoako dantza hizkuntza, «betiko urratsak», baliatu. Pertsonaiak asmatu egin zituzten, baina Girik, zirtzilek edo alkateak jokatzen duten paperak beste inauteri askotan ere badira.
Inauteriak baimentzen duen tonuaz, plazara atera, eta ironiaz gainbegiratzen dituzte auzoko kezkak eta zeresana eman dutenak. Sustatzaileak argitu duenez, «antzerkia egiten dugu gure errealitatea jendeari muturren aurrean jartzeko, baina ahal bada modu gordin batean, hobe. Umoretik pentsarazteko balio behar du».
Komunitatea elkartu
Hori baino gehiago ere bada, ordea: auzoari ekarpena, añorgatarrak aktibatu eta parte hartzeko jarduera, dena balio batzuen bueltan: «Auzoaren nortasuna indartzea, auzokideekin aisialdian zerbait egitea, eta horrek ematen dizun poza eta asetasuna». Ez baitzioten dibertimendu izena alperrik jarri. «Saiatzen gara ondo pasatzetik eta dibertsiotik gauzak egiten. Nortasunaren eta parte hartzearen bidez komunitatea kohesionatzea. Hori da gure ekarpena», laburbildu du.
Dantzariak, joaldunak, antzezleak, danbor jotzaileak, musikariak… dozenaka lagunek parte hartuko dute aurten ere. Huts egingo duten bakarrak Goizuetako dantzariak dira, datorren urtean bueltatuko diren esperoan. Goizean zeharreko eskean eta eguerdiko saio nagusian, berriz, Unai Gaztelumendi eta Asier Azpiroz ariko dira gertatzen dena bertsotan kontatzen. Otamendik aitortu du nahiko luketela bertso eskolako kideek beren lekua edukitzea, eta zergatik ez, bi sustatzaileek ere parte hartzeko aukera izatea. «Beñaten eta bion nahia bada egun horretan nik dantza egitea eta bera bertsotan aritzea, beste gauza askotaz ahaztea; baina oraingoz…».
Udazken bukaeran hasten dira ekitaldia prestatzen. Jendea bildu, gaiak aipatu, esketxen zirriborroak egin… Egoera ia denen iturburua auzoko gertaerak dira: esamesen bat, iruzkinen bat, norbaiti pasatutakoa… Ondoren, testuak Aitor Sota aktorearekin ontzen dituzte, «zirtzilen izaera izugarri ondo ez, perfektu» barneratua duena. Festaren bezperatan azken uneko kontutxoak dituzte esku artean. Arlo bakoitzak bere bidea egin du, moldaketak gehitu ditu, eta bihar entsegu orokorra gauzatuko dute.
Aurten, ohi baino astebete lehenago dator dibertimendua, inauteri larunbatak Ibaetako Aingeru Zaindariaren erromeriarekin bat egiten duenez, hilaren 22ra aurreratu baitute. Uneko erabakia izan zitekeen, baina mahaigainean dute betiko otsail hondarrean uztea.
Berdina, baina bestelakoa
Etengabe aldatzen doan organismo bizi moduan irudikatzen du ekitaldia Otamendik. Egoerak eta pertsonak aldatzen dira, baina funtsean urtero berria den umorezko satira bat da. Hala, urtetik urtera batzuk mantendu, eta jende berria animatzen da, are gehiago, zenbait paper jokatzera norbanako zehatzak gonbidatzen dituzte. Belaunaldiak tartekatu eta denei irekia izan dadin ahalegintzen dira ere. Giri, esaterako, 16 urteko gazte batek gorpuztuko du.
Bazter nahasleak egingo dituen gaiztakeriei buruz ezer gutxi kontatu du antolatzaileak, ohi baino leku gehixeago izango duela besterik ez, alkatea «lausotuta» egongo baita. Ikusleek ulertuko dute esandakoa. Ohi bezala, auzoan barrena ibiliko dira goizean zehar eta gaizkilea epaituko dute Harrobi plazan. Errituaren parte den amaiera ezaguna da: su garretan kiskaliko dute eta The Pogues taldearen Dirty Old Town abestiaren euskarazko aldaera kantatu.
Lau urteko «kumetxoak» egonkortzeko denbora behar badu ere, añorgatarrek euren egutegian txertatzea lortu dutelakoan da Otamendi, baita hainbeste lagun mugiarazten duen ekimen bat izateak «auzotarrei eta beren nortasunari harrotasun puntu bat» ematen dielakoan ere.