Bera Berak eskura ditu final-laurdenak
Donostiako eskubaloi taldeak garaipen garrantzitsua eskuratu du Paris 92 taldearen pistan, Europa ligako partidan (27-33).

Berdinketa bat behar du Bera Berak Europan aurrera egiteko. Etxeko lanak ondo beteta, etxetik kanpo emaitza ona bat lortzeko beharra zuen, eta atzo lortu zuten. Donostiarrek Paris 92 hartu zuten mendean, partida on bat jokatu ondoren (27-33). Sei goleko aldeak agerian uzten du frantziarren kontrako partidetan hobeak izan direla. Beste behin ere, Karsten izan zen golegile nagusia, bederatzi gol garrantzitsurekin. Datorren igandean jokatuko dute multzoen faseko azken neurketa, Gaska kiroldegian, eta sarrera gutxi geratzen direla adierazi du klubak. Alemaniako HSG Bensheim Auerbach Flames izango dute aurrez aurre, eta esan moduan, berdintzearekin nahikoa dute Europa ligako final-laurdenetara sailkatzeko.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek ligaren titulurako finalerdietako kanporaketa bideratu dute. Atzo, eguerdian, Puigcerdari irabazi zioten haien izotz pistan (3-5). Larunbatean jokatuko dute bigarren partida eta, irabaziz gero, finalerako sailkatuko dira. Galduz gero, hirugarren aukera bat izango dute igandean, hirugarren eta azken neurketa erabakigarrian. Izan ere, bi partida irabazi behar dira sailkatzeko. Baita finala irabazteko ere. Beste finalerdian, Majadahondak Huarte gainditu zuen (1-3). Okerrik ezean, ligako fase erregularreko lehen bi sailkatuek jokatuko dute titulua. Hau da, Majadahondak eta Txuri Urdinek.
Futbolean, asteburu beltza izan da Realeko bi taldeentzat. Neskek San Mameseko euskal derbia galdu zuten atzo (2-0). Txuri-urdinek ez zuten ate aurrean asmatu, eta zuri-gorriek bai. Horrek erabaki zuen norgehiagoka. Ondorioz, sailkapeneko bosgarren postuan geratu dira, eta Athleticek hiru puntuko abantaila du orain. Mutilek, berriz, ezin izan zuten Betisen eta epailearen kontra ezer onik lortu (3-0). Gil Manzano epailearen erabaki zalantzagarriek nabarmen baldintzatu zuten partida. Zubeldiari txartel gorria atera zion, Betisen kontraeraso batean falta egin eta ustez azken jokalaria zelakoan. Ordea, epaileak eta marrazainak erratu ziren. Nahita edo nahi gabe, beste kontu bat da. Hori gutxi balitz, Aiheni are zalantzagarriagoa zen penalti bat adierazi zioten, Remirok gelditu zuena. Andaluziarrek bigarren zatian egin zituzten hiru golak, txuri-urdinak hamar jokalarirekin zeudela aprobetxatuta. Beckerrek ere txartel gorria ikusi zuen; haren kasuan, merezita, falta itsusi bat egiteagatik. Porrotak Reala noraezean utzi du ligan, berriz ere. Horrela ere, nahiko aldakorra eta irregularra izaten ari da liga, eta helbururik ezin da baztertu.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek eta Gipuzkoa Basketek galdu egin zuten. Emakumezkoen taldeak Gernikaren pistan jokatu zuen euskal derbia, eta lehiatu arren, esku hutsik itzuli ziren (71-65). Bestalde, gizonezkoek oso gertu izan zuten garaipena Illunben, baina Palentziak hobeto kudeatu zituen azken minutuak (85-87).
EMAITZAK
Eskubaloia
Europa ligaren multzoen fasea, 5. jardunaldia
- Paris 92 (27) – Bera Bera 33
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako titulurako kanporaketa, lehen finalerdia
- Puigcerda 3 – Txuri Urdin 5
Futbola
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Athletic 2 – Reala 0
Gizonezkoen liga, 24. jardunaldia
- Betis 3 – Reala 0
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 21. jardunaldia
- Gernika 71 – Ibaeta Basket 65
Gizonezkoen bigarren maila, 21. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 85 – Palentzia 87