Odon Elorza, Jorge Letamendia eta Elkarrekin Donostia elkartu dira San Bartolomeko proiektuari aurre egiteko

Odon Elorza alkate ohiak eta Jorge Letamendia Hirigintzako zinegotzi ohiak indarrak batu dituzte Elkarrekin Donostiarekin, San Bartolome muinoko merkataritza zentroaren proiektuari aurre egiteko.
Victor Lasa Elkarrekin Donostiako bozeramaileak agerraldia egin du udaletxean, Elorzarekin eta Letamendiarekin batera. “San Bartolome merkataritza gunearen proiektuari buruz aurkeztutako txostenei udal gobernuak egindako proposamenak aztertzeko eta haren kudeaketa salatzeko elkartu gara”, adierazi dute. Agerraldian, proiektuaren aurkako argudio juridiko, urbanistiko eta politikoak aurkeztu dituzte.
Lasak salatu duenez, hirigintza proiektua “alferrikakoa, zilegi ez dena eta legez kanpokoa” izan daiteke. Elorza eta Letamendiarekin batera, Lasak kritikatu du proiektu honek hiriari kalte nabarmena ekarriko diola, “soilik interes pribatuak aberasteko”: “Hiriak lursail publikoa galtzen du, ondarea galtzen du, berdegunea galtzen du, tokiko merkataritza galtzen du eta, batez ere, bere duintasuna galtzen du, espekulazioaren interesen aurrean belaunikatuz”.