Vaiven antzerki konpainiak agur esango du 28 urteren ondoren: «Sektorearen egoera larria da»

28 urteko ibilbideari agur esatea erabaki dute Iñaki Salvador eta Ana Pimenta Vaiven ekoiztetxeko arduradunek. Musikaria bata, eta aktorea bestea, 40 antzerki obra inguru ondu dituzte urte hauetan, baina jada ezin dute gehiago.
Argi mintzatu da Salvador musikaria: “Sektorearen egoera larriagatik” itxiko dituzte ateak, “zenbakiak ez dira ateratzen, aretoak beteta ere”. Erronka dagoela uste du, batez ere, gazteak antzokietara hurbiltzeko. Zorrotz mintzatu da: “Merkatua oso gogorra da komertziala ez diren proiektuetarako. Antzerkia beti egon da krisian, baina orain egoera berezia da”.
Honela, Pimentak adierazi duenez, “frustrazio puntu batekin” esango dute agur, “higadura eta estres garrantzitsua” igarota. Edonola ere, aktoreak kontatu duenez, “betetasun” sentsazioarekin diote agur, “etxeko lanak eginda”. Ez alferrik, 2002an eta 2018an Donostia Antzerki saria jaso zuen konpainiak.
“Antzerkiak eta musikak jarraituko dute” aldarrikatu du Pimentak, eta Vaivenek ateak itxiko dituen arren, Salvadorrek eta berak oholtzetatik jaisteko asmorik ez dutela berretsi du.