Errekalde eta Galarreta arteko bidegorria behar baino metro bat estuagoa izatea gaitzetsi du Eguzkik
Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean aurkeztu zuen bi gune horiek lotuko dituen bizikleta eta oinezko bidearen proiektu berria.

Joan den astean onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura eta Lurralde Estrategia Departamentuak Añorgako Errekalde auzunea eta Hernaniko Galarreta lotuko dituen bizikleta eta oinezko bidea eraikitzeko prozesua. Horri buruzko iritzia zabaldu du Eguzki talde ekologistak hedabideetara bidalitako ohar batean.
Gogoratu duenez, bidegorriak 2021etik erabilgarri egon beharko balu ere, foru erakundeak hiru urteko epean ibilbide horretan eraikitzeko aurkeztu duen hirugarren proiektua da hau. Proposamenak albiste on eta txar bana du Eguzkiren esanetan. Ontzat jo dute bidegorriari lekua egiteko GI-2132 errepidearen ardatza pixka bat mugitu izana, “horri esker, proiektuak zuhaitzetan izango duen eragina leundu ahal izango baita”. Txartzat, berriz, bideak behar baino estuagoa izaten jarraitzea. Zehaztu dutenez, bai Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren bai Gipuzkoako Bizikleta Bideen Eskuliburuaren arabera, txirrindulariek eta oinezkoek partekatutako bi norabideko bidegorriek 4 metro zabal behar dituzte, proposatuak, ordea, 3 metro besterik ez ditu. “Zenbat eta zabalera gutxiago, gero eta txirrindulari eta oinezkoen arteko arazo gehiago izateko aukera, jakina”.
Horrez gain, hiru proiektuak alderatuta, lehenengoaren arabera, bidegorria Galarretako biribilgunera iritsiko litzateke; beste bien arabera, ordea, Galarretako eremuko mugaraino. Han, Hernaniko Udalak aurreikusten duen bidegorriarekin lotuko lukete.
Errekalde-Galarretakoa atzeratutako bidegorrietako bat baino ez dela nabarmendu du Eguzkik, Gipuzkoako Oinarrizko Bidegorri Sareak “amaituta edo ia amaituta” egon beharko bailuke, baina behin eta berriro salatu dutenez, “barraskilo abiaduran doa eta aspalditik dago zentzuzko edozein epetik kanpo”.