Loiolako Erriberako haur eskola eraikitzeko lizitazioa abiatu du udalak

Donostiako Udalak hiru haur eskola berri egiteko proiektuak bideratu ditu. Batetik, Loiolako Erriberako haur eskola eraikitzeko lizitazioa onartu dute. 822.412 eurokoa da aurrekontua, eta zortzi hilabetekoa egikaritze epea. Bestetik, Hego Intxaurrondoko eta Groseko Zemoria kaleko haur eskolen egitasmoak onartu dituzte. Intxaurrondokoak 251.813 euroko aurrekontua eta lau hilabeteko egikaritze epea ditu. Grosekoak, berriz, 800.168 euroko aurrekontua eta sei hilabeteko egikaritze epea.
“Epe laburrean” erabilgarri egongo direla esan du Eneko Goia alkateak, “espero direlako”. Hiru haur eskola berriekin hiriko eskaintza “nabarmen handitzea ahalbidetuko” duela gaineratu du alkateak. “Lehentasunez aurrera eraman nahi izan ditugu, kontziliazio politikak apustu bat direlako, eta hiriak haur eskolen sarean dituen gabeziak arintzen lagunduko duelako”.
Proiektu horiek Europar Batasuneko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik (Next funtsak) datozen funtsen finantzaketa dute.
Haur eskolen xehetasunak
Loiolako Erriberako haur eskola Gabriel Lafitte plazako 3. zenbakian dagoen lokalaren hiru eremutan egituratuko dute. Orotara, hiru gela izango ditu: 1-2 urteko bi gela eta 0-1 urteko gela bat.
Hego Intxaurrondoko haur eskola, berriz, Baratzategi kaleko 19. zenbakiak kokatuko dute, Intxaurrondo Hegoa ikastetxearen beheko solairuan. Bi ikasgela eta komun batzuk berritu behar dira, bi ikasleko haur eskola bat jartzeko; gela bat 0-1 urteko hamalau umerentzat, eta beste bat 1-2 urteko zortzi haurrentzat.
Groseko Zemoria kaleko haur eskolaren helburua da Bilintx Urrutiko Batxilergo Institutuaren ekialdeko eremuko beheko solairuan ezartzea. Hiru gela izango ditu: 0-1 urteko gela bat eta 1-2 urteko bi.