Udalak ez du Kristobaldegi komentua erosiko
Eneko Goia alkateak adierazi du lursailaren jabeek egungoa eraitsi eta beste bat eraikitzea aurreikusten dutela.

Txomiñeneko Kristobalegi komentua ez da auzoarentzako izango. Bizilagunen aspaldiko eskaera baztertu du Eneko Goia alkateak. Atzoko udal batzordeetan azaldurikoa berretsi du gaurko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko agerraldian; hau da, udalak ez duela eraikina erosiko.
Udalak bi bilera egin ditu komentu zaharraren ordezkaritzarekin, eta lursaila ez eskuratzeko arrazoiak dituztela nabarmendu du: “Komentu zaharraren egitura hondatua dagoela jakinarazi digute arkitektoek, urak askotan hartu duelako. Gainera, Ura Agentziak esan digu lursailak hamar urtero uholdeak pairatzeko arriskua duela. Hori dela eta, udalak erosketak bat egitea ez litzateke zuhurtziaz jokatzea”.
Horrez gain, Goiak adierazi du lursaila pribatua dela, eta jabeek egungo eraikina eraitsi eta beste bat eraikitzea aurreikusten dutela. “Hori da jabeen borondatea, eta horren aurrean ezin dugu askorik egin”, azaldu du alkateak.
Gogoratu behar da duela bi aste Lanberri auzo elkarteak 1.045 sinadura erregistratu zituela udaletxean, Kristobaldegi auzoarentzat izan dadin.