Belartzako proiektua aurrera doa: logistika zentro erraldoia, hotela, gasolindegia eta bi biribilgune

Donostiako Udalak onartu du Belartza Goikoan aurrera eraman behar den hirigintzako jarduketa programa (HJP). Honen bidez, logistika zentro erraldoi bat, hotel bat, gasolindegi bat, bi biribilgune eta GI-11 saihesbidera sarbide zuzena izango ditu.
Logistika zentroak sortu zuen eztabaida 2023ko urriko udalbatzan. Udal Gobernuak espresuki onartu zuen bertan eraiki behar den pabiloia logistika zentro izateko aukera, oposizioko talde guztien kontrako botoekin. Izan ere, Oiartzunen eraikitzekoa zen Amazonen logistika zentroa bertan izango denaren beldurra adierazi zuten oposizioko alderdiek, horrek hiriko komertzio txikian izango lukeen kaltearekin.
Jakina denez, VGP enpresa belgikarra izango da eremua garatuko duena. Logistika zentro erraldoietan espezialista da enpresa, eta, hain zuzen, Amazonentzat hainbat logistika zentro eraiki ditu, besteak beste, San Fernando de Henaresen (Madril, Espainia) eta Grazen (Austria).
Parkearen eraikigarritasuna, guztira, 83.894 metro koadrokoa izango da, eta erabilera gehienak industrialak (logistikoak) izango ditu: 55.224 metro koadro eta 28.670 metro koadro hirugarren sektoreko erabileretarako. Horietatik 24.671 metro koadro merkataritza establezimenduei dagozkie, eta 3.499 metro koadro, berriz, txikizkako merkataritza establezimenduei. Nolanahi ere, ez da merkataritza gune handirik egongo, legeak berariaz debekatzen duen zerbait.