Ertzaintzak emakume bat konorterik gabe utzi eta atxilotuta eraman zuela salatu du haren familiak
Familiak salatu zuenez, otsailaren 1ean, Ertzaintzak Karen Daniela Agredo konorterik gabe utzi eta atxilotuta eraman zuen. ZIUan amaitu zuen 32 urteko emakumeak.

Otsailaren 1ean, bere bikotekidearekin batera urtebetetzea ospatzen ari zen Karen Daniela Agredo Palacio 32 urteko Donostiako bizilaguna, Manterola kaleko diskoteka baten atarian. Familiak salatu duenez, bikotekidea beste gizon batekin eztabaidatzen ari zenean etorri zen Ertzaintza eta bikotekidea atxilotuta eraman zuten. Agredok egoeraren aurrean protesta egin, eta ertzain batek emakumea kolpatu eta lurrera bota zuen, konortea galduaraziz.
Hori da familiak kontatu duena El País egunkariaren Kolonbiako edizioan. Diskoteka horretako langile batek, erasoaren lekuko izan zenak, azaldu du “harrituta” zegoela une hartan, emakumea “konorterik gabe” egon arren berari kolpeka jarraitu baitzuen ertzain batek. Lekuko horrek ere ohartarazi du ertzain batek “indartsu” kolpatu zuela.
Salatu dutenez, emakumea polizia etxera konorterik gabe eraman zuten, ez zuen osasun arretarik jaso eta bertan ere kolpatu egin zuten. Gerora, emakumea Donostiako ospitaleko ZIUra eraman zuten: El Paisek argitaratu duenez, biktima bizpahiru egun egon zen ospitalean ingresatuta, eta garuneko edema bat eta parenkima barneko hematoma bat atzeman zizkioten medikuek. Familiak salatu du emakumeak gorputzaren erdia paralizaturik duela, derrame baten ondorioz.
Oraingoz, ez da kasuaren inguruan informazio gehiagorik, eta Naiz hedabideak adierazi duenez, Ertzaintzak baieztatu egin du El Pais-ek argitaratutako informazioa egiaztatzen ari dela.