IRUTXULOKO HITZAren 20. urteurreneko mahai ingurua, hausnarketa eta ekarpen interesgarrien lekuko

IRUTXULOKO HITZAren 20. urteurreneko ekitaldia borobiltzeko, mahai inguru batez gozatzeko aukera izan zen otsailaren 17an San Telmo museoan. Aizpea Goenaga aktoreak, Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Sua Enparantza dantzari eta aktoreak hartu zuten parte, IRUTXULOKO HITZAko Inaxio Esnaola kazetariak gidatuta. 45 minutu inguruko mahai ingurua izan zen, eta une gogoangarriak utzi zituen solasaldiak. Hizlariek —donostiarrak, hirurak— Donostiaren egoeraz eta hedabide honen hogei urteez hitz egin zuten, hainbat momentutan publikoari barrea eraginez.
Mahai inguruarekin hasteko, duela hogei urte bakoitzak zenbat urte zituen galdetu zien Esnaolak mahai inguruko gonbidatuei: “Nik 45”, esan zuen Goenagak; “nik 18 egiteko, 17 urte”, adierazi zuen Gaztelumendik; eta “urte eta erdi”, esan zuen Enparantzak.
Zero alea eta lehenengo alea
Esnaolaren hitzetan, hiru belaunaldi “oso desberdinetako” gonbidatuak izan ziren mahai inguruan beraz. Hortik tiraka, aurkezleak gogorarazi zuen IRUTXULOKO HITZAren zero alea 2005eko urtarrilaren 19an argitaratu zela, San Sebastian egunaren bezperan; eta lehenengo alea, aldiz, otsailaren 17an. “Egun hartan, ikusi ala eskuratu zenuten 0 alea edo lehendabiziko zenbakia?”, galdetu zien Esnaolak.
“Nik ez dut gogoan, baina Irutxulotik zetorren zerbait zen IRUTXULOKO HITZA, eta aldaketa sumatu nuen. Hau ez doa galderarekin bat, baina hedabide honek badauka zerbait lokaletik unibertsaltasun horretara salto egiten duena. Nik senarra kanpokoa daukat, eta etxean beti izaten dugu IRUTXULOKO HITZA. Senarrak ez du tutik ulertzen, baina beti begiratzen du, eta galdetzen digu zer diren bertan jasotzen diren gauzak. Oso erakargarria da, eta hori esan beharra daukat”, nabarmendu zuen Goenagak.
Lehenengo aleaz baino, garaiko giroaz gogoratzen dela azaldu zuen Gaztelumendik: “Gure etxean, Irutxuloko harpidedunak ginen, eta Euskaldunon Egunkariakoak ere izan ginen, itxi zuten arte. Eta gero, Berriakoak ere bai. 2003an itxi zuten Euskaldunon Egunkaria indarrez, eta egunkaria beti izan zen gure etxean zegoen zerbait, desagertu ezin zena, eta guretzat, zutabe inportante bat. Bat-batean ikustea zein erraz desegin zitekeen horrelako lan bat eta egitura bat, eta zein hauskor geratzen zen gure hizkuntza eta hiztun komunitatea… sentsazio hori uste dut gure adineko denok gogoratzen dugula. Aldi berean, uste dut bazegoela esperantza giro bat, hutsetik eta min horretatik beste egunkari bat ateratzea lortu zen. Hortik, proiektu oso bat eratu zen bere inguruan, HITZAren proiektua, tokiko komunikabideei ere leku bat emateko. Esperantza giro hortaz gogoratzen naiz, eta gure etxean hori dezente jan genuen”.
Enparantzak, bere aldetik, nabarmendu zuen 2003an jaio zela, eta ez zeukala “kontatzeko asko” horren inguruan, baina Egunkaria eta euskarazko aldizkariak beti eduki izan dituztela etxean. “Irutxulo gero nik gertutik jaso dut, baina beranduago”, adierazi zuen.
Gogoan dituzten albisteak
Kronika egiten jarraitzeko asmoz, Esnaolak galdetu zien ea IRUTXULOKO HITZAk emandako zein albiste dituzten gogoan; “bat edo beste izango duzue”, esan zien aurkezleak.
“Egia esaten badizut, ez”, erantzun zion Goenagak, publikoari barrea eraginez. “Duela gutxi atera zen gure amonaren jatetxearen berria, oso ondo jasoa, gainera. Baina nik, berri bat baino gehiago, iruditzen zait Irutxulok duen balorea dela, nola ematen dion ahotsa jende desberdinari, eta euskaraz aritzen den jendeari. Horrek sekulako balorea du, ze, askotan, ahaztu egiten zaigu zenbat jende ari den lanean eguneroko bizitzan euskararen alde edo behintzat, normaltasunean euskaraz”, gehitu zuen Goenagak.
“Askotan, ahaztu egiten zaigu zenbat jende ari den lanean eguneroko bizitzan euskararen alde”
Aizpea Goenaga, aktorea
Gaztelumendik ere, Goenagaren antzera, “ihes” egin zion galdera horri, baina bi erantzun eraman zituen prestatuta, “bertsotan ez digutelako aukerarik ematen hori egiteko, eta aprobetxatu egin beharko dugu”. Batetik, azken hilabeteetan IRUTXULOKO HITZAn “Donostian egon den mugimendu arrazista indartsuari” egin zaion jarraipena nabarmendu zuen bertsolariak, “eredugarria” izan dela aitortuz.
“Bestalde, elkarrizketak direnez gaur egun IRUTXULOKO HITZAren oinarri sendoena, badaukat bat gogoan. 2023ko urriaren 6koa da, Unai Ribera eta Oihana Razkini eginiko elkarrizketa bat. Izen artistikoak La Fulana eta Lamia Mari dira, DJ-ak, eta oso elkarrizketa potentea da. Azkura handia sortu zidan niri, eta nire inguruko jende askori ere bai. Reggaetonari buruz hitz egiten dute pila bat, horri ustez lotzen zaion matxismoari buruz hasten dira, eta gero, esaten dute benetan, ez dela matxista. Kontua da gure begirada oso klasista eta arrazista dela. Herri mugimenduei eta euskalgintzari ere egur pixka bat ematen digute, eta pixka bat garai bateko nostalgian eta garai bateko musikan eredutan iltzatuta ez ote gauden esaten digute… Irakurri beharreko elkarrizketa bat da”, baieztatu zuen Gaztelumendik.
Enparantzak “maitasun handiarekin”, jasotzen duen albistea da Txillardegiren omenaldiarena. “Txillardegiren omenaldian urtero hartzen dugu parte. Nik agurra dantzatzen dut, eta nire anaiak txistua jotzen du. Urtero errepikatzen den omenaldi bat da, baina hala ere, urtero-urtero itxaroten dugu argazkia. Urtero ikusten dugu informazio guztiarekin, eta hori pasada bat da”, nabarmendu zuen.
Donostian bizitzeari buruz
Galderekin jarraitu zuen Esnaolak, eta gaur egun, Donostian bizitzea duela hogei urte baino errazagoa ala zailagoa den galdetu zion Goenagari. Aktorearen arabera, “Donostia asko aldatu da”. Pandemia garaiko bizipen bat ekarri zuen gogora: “Erdialdean, galdu egiten da auzoa, baina badago jendearen arteko ezagutza hori, eta handia da. Niri asko gustatzen zait, eta pandemia garaian, berreskuratu egin genuen. Kalera ateratzen zinen, eta ez zegoen hiria zikinduta… halako batean, auzokoak ikusten zenituen, normalean ikusten ez dituzun auzoko horiek. Hogei urte atzera botata, konturatzen zara zenbat gauza aldatu diren. Adibidez, izan zen lehenengo aldia bikote berdinen arteko ezkontzak onartu zirela, eta kanpoko lagun pila batek esaten zidaten Donostiara etorriko zirela ezkontzera”.
Enparantzari Donostian gazteek duten etorkizunaz galdetu zion aurkezleak, eta aktoreak erantzun zion, bere ustez, “argi” dagoela “masifikazio” handia dagoela. “Gazteon ikuspuntutik, egia da batzuetan ez daukagula gogo handirik hemen bertan egoteko. Sekulako pena da, ze nik Donostia asko maite dut. Baina larunbat arratsalde batean paseo normal bat eman nahi izatea edo Sagueseko petrilean eseri eta bete-betea ikustea… Gainera, prezioen igoera eskandalu bat da, eta gazteok dugun prekarietatearekin, ez da oso eramangarria”, azaldu zuen. Bestetik, Enparantzak uste du igoera eta masifikazio horrek eragin duela Donostia “postal moduan” saltzea: “Gehiago kanpotarrentzat guretzat baino, eta azkenean, guk aukera gutxiago dugula bertan bizi ahal izateko”.
“Prezioen igoera eskandalu bat da, eta gazteok dugun prekarietatearekin, ez da oso eramangarria”
Sua Enparantza, dantzaria eta aktorea
Hogei urte hauetan, euskararen erabilerak kalean hobera edo okerrera egin duen galdetu zion Esnaolak Gaztelumendiri. “Datuek diote euskarak hogei urtean aurrera egin duela. Kontua da azken bost-sei urteetan horrelako lautada batean gaudela. Donostia euskararen hiria dela esaten denean, esango nuke ez dela errealitate bat. Gehiago dela desio bat, helburu bat edo ortzi muga bat. Horra goazela, edo gogoratzeko esaten den zerbait dela uste dut, baina egunerokoan ez da hala gertatzen”, adierazi zuen bertsolariak.
Horrekin batera, bere bizipenetan oinarritutako adibide bat ere jarri zuen: “Ni bertsolaria naiz, eta Antiguan edo Amaran bizi nintzenean, nire auzokide gehienek ez zekiten zertan lan egiten nuen. Pisu batera alokairuan sartu behar genuen, eta bikoteari eta bioi galdetu ziguten bakoitzak lana zertan egiten genuen, jakiteko ia ordaintzeko gai izango ginen ala ez. Bikotea irakasle izanik, esan zioten ondo zegoela, eta nire galdetu zidatenean eta bertsolaria naizela esan nionean, galdetu zidaten horrek ea dirurik ematen duen. Bertsolaritza zer den azaldu behar izaten duzu horrelakoetan, eta ez da kontua denok bertsozaleak izatea, baina existitzen garenik ere ez dakien jende pila bat bizi den hirian bizi gara”.
“Bertsolariok existitzen garenik ere ez dakien jende pila bat bizi den hirian bizi gara”
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Donostia, 2016ko Kultur Hiriburua
Donostiaren historian, 2016ko Kultur Hiriburutza “mugarria” dela adierazi zuen Esnaolak, eta horren garrantziaren eta legatuaren inguruan ere galdetu zion Goenagari. “Garrantzitsua izan zen, zalantzarik gabe, eta gauza asko mugitu ziren. Baina ez genuen jakin, gero, erein zen guzti horri etekina ateratzen edo jarraipena ematen. Nik azpimarratuko nuke Kristinaenean egin zen Uda gaueko ametsa antzezlanaren emanaldia. Zoragarria izan zen, eta aukera eman zuen antzerkia beste espazio batzuetara eramateko, antzerkia udan egiteko, beste publiko bat erakartzeko… baina horrekin ez da jarraitu, eta faltan botatzen dut 2016ko horren ondorengoari eustea”, azaldu zuen Goenagak.
“2016an, Kultur Hiriburutzarekin gauza asko mugitu ziren, baina ez genuen jakin, gero, erein zen guzti horri etekina ateratzen edo jarraipena ematen”
Aizpea Goenaga, aktorea
Bere iritziz, aktoreek ez dute “antzerkia sortzeko espazio bat” Donostian, eta horren garrantzia nabarmendu zuen: “Badirudi txorakeria bat esaten ari naizela, baina ez da hala; antzerkia egiteko, idatzi egin behar dira antzezlanak, eta horiek, idatzi eta probatu egin behar dira. Noren gain dago hori? Konpainien gain, eta konpainiek etekina atera behar dute, eta horretarako, bi hizkuntzetan egin behar da. Eta zenek galtzen du bi hizkuntza horietan? Euskarak. Oso emanaldi gutxi egiten dira euskara hutsean, eta egiten direnak, aktore gutxirekin egiten dira. Ez daukagu probatzeko espaziorik, eta horrek guztiak pobrezia bat ekartzen du, euskararen pobrezia eta sorkuntzari dagokiona”.
Alkate aldaketak
Hogei urte hauetan, alkate aldaketak ere bizi izan ditu Donostian. 2011. urtean, hogei urtez hiriko alkate izan ondoren, Odon Elorzak udal hauteskundeak galdu zituen; hortik aurrera, EH Bildu lau urtez egon zen alkatetzan, eta 2015az geroztik, EAJk agindu du Donostian. Aldaketa horien inguruan galdetu zion Esnaolak Gaztelumendiri. “Zortziko txikian”, esan zion Goenagak bertsolariari hitz egiten hasi aurretik, eta horrek ere barrea eragin zuen publikoan.
Gaztelumendik esan zuen berak 37 urte dituela, eta Odon hogei urtez egon zela alkatetzan, beraz, berarentzat eta bere belaunaldiko askorentzat, Odon eta Donostia “ia gauza bera izan ziren”. “Alkate baten eta hiriaren arteko identifikazioa oso gutxitan gertatzen da, baina gertatzen denean, urte luzetan irauten duen zerbait da. Nik esango nuke Azkunarekin ere Bilbon urte batzuetan hori gertatu zela. Momentu batean, pertsona batek alderdia gainditzen du, baita bere ustezko boto emaileen zaku hori ere, eta gauza zabalago baten ordezkari bihurtzen da”, adierazi zuen Gaztelumendik.
Hala ere, adierazi zuenez, Donostian “familia politikoak” nahiko orekan egon izan dira, eta “kolore askotako” alkateak izan ditu hiriak. Gaztelumendiren hitzetan, EH Bilduren kasuan, “Euskal Herri mailako fenomeno bat” izan zen, eta “ziklo politiko baten aldaketa” gertatu zen. “Esperantza bat sortu zen, eta esperantza horrekin jende askok konektatu zuela uste dut. Esango nuke, higadura bat ere egon zela lau urte horietan, eta batez ere, azkenengo kanpaina esango nuke nahiko bortitza izan zela herri askotan. Gero, aldaketa bat ere gertatu zen, Eneko Goia daukagu alkatetzan, eta esango nuke alkate aldaketak gertatu direla, baina Donostia badela hiritik harago dauden fenomeno batzuk azaltzen diren leku bat”, nabarmendu zuen Gaztelumendik.
“Parrandarako sena”, Donostiako Piratei esker
2022an, hogei urte bete zituzten Donostiako Piratek, eta ildo horretatik, auzoetako jai herrikoiak “sustatu eta biziberritu” egin ote diren galdetu zion Esnaolak Enparantzari. Dantzari eta aktoreak adierazi zuenez, “gaztea naiz, baina urte dezente daramatzat lanean, eta ez daukat hainbeste aukera parrandan ateratzeko, nire adinekoek egiten duten moduan”. Hala ere, ahal duenean parranda egiten duela esan zuen, eta aitortu zuen badagoela “motibazio” bat jai herrikoiak sustatzeko.
“Egia da Donostiako Piratek egiten duten lan guztiari esker, badagoela parrandarako sena eta festekin jarraitzekoa. Ni Antiguakoa naiz, eta auzoko jaiak sakratuak dira. Nire ustez, Donostiak auzo bakoitzaren nortasuna mantentzen du, eta kuadrillan, bakoitzak bere auzoa daukagu. Festekin ere berdina pasatzen da. Aurten, adibidez, krosa berreskuratu da Antiguan, eta horrek auzo guztia mugitzen du, elkarrekin egoteko eta denok bat izateko”, nabarmendu zuen Enparantzak.
Hori guztia, “jai batzordeei esker” ateratzen dela aurrera adierazi zuen, eta Piratek ere hirian “pisu handia” dutela.
“Donostiak auzo bakoitzaren nortasuna mantentzen du, eta kuadrillan, bakoitzak bere auzoa daukagu. Festekin ere berdina pasatzen da”
Sua Enparantza, dantzaria eta aktorea
IRUTXULOKO HITZAk hiriari egindako ekarpena
Azken hogei urteotan, Donostian gertatu denaren lekuko izan da IRUTXULOKO HITZA, eta Esnaolak gonbidatuei galdetu zien ea euren ustez, zer ekarpen egin dion hedabideak hiriaren azken hogei urteetako bideari.
“Nik uste dut pertsonen ahotsa zabaldu duela IRUTXULOKO HITZAk, baina gertuko berrien garrantzia nabarmenduko nuke. Uste dut gertukotasuna, eta partikularretik unibertsalera egiteko modua oso garrantzitsua dela. Bestalde, euskararen alde hedabideak egin duen lana nabarmenduko nuke. Nik hasierako Irutxulon kolaboratzen nuen, eta gero, IRUTXULOKO HITZAk egin dituen aldaketa guztietan ere bai. Egia da etxean oso gustura jasotzen dugula, eta hori oso seinale ona da, ondo eginda dagoenaren seinale baita”, nabarmendu zuen Goenagak.
Gaztelumendik adierazi zuen lantaldetik jende asko pasa dela, eta horrek erakusten duela “proiektu bizia” dela batetik, baina “ekonomiak ere eragiten duela”. “Kulturaren prekarietateaz asko hitz egiten da, baina kazetaritzaren prekarietateaz ere badago zeresana. Hortaz ere badaukagu gogoeta bat egiteko”, nabarmendu zuen. Hala ere, “zorionak” eman zizkien pasatu diren lankide guztiei, “sekulako lana egiten duzuelako”. Hizkuntza ere izan zuen hizpide bertsolariak: “Donostiako euskararen mundua erakusten du IRUTXULOKO HITZAk, zein den eta zein zabala den erakusten baitu. Ziur asko, imajinatu ere egingo ez genukeen jende bat agertzen da Hitzan, eta horrek ere laguntzen du hiztun gisa gure kontzientzia lantzen”.
Bere aldetik, Enparantzak, “postaleko Donostia” horretatik atera eta “errealitatera gerturatzeko” egiten duen lana nabarmendu zuen: “Irutxuloko Instagrama beti begiratzen dut zer gertatu den jakiteko, eta badakit zerbait erreala ikusiko dudala, ingurukoa, bizilagunena… Nik uste dut hori dela lan guztiarekin lortu den gauza oso bat, eta mantentzea espero dut”. Horrez gain, gai sozialak lantzea goraipatu zuen, eta hedabidea “arriskatu” egiten dela albisteekin. “Hori eskertzekoa da”, adierazi zuen dantzari eta aktoreak.
Amestutako albisteak
Mahai inguruari amaiera emateko, aurrera begira, IRUTXULOKO HITZAk zein albiste ematea gustatuko litzaiekeen galdetu zien aurkezleak. Enparantzak argi zuen: “Txillardegiren liburutegia badagoela dioen albistea irakurtzea gustatuko litzaidake, horrela ez dugulako jarraituko agurra dantzatzen”.
Gaztelumendik azaldu zuen bere aiton-amonek hiru egunkari jasotzen zituztela, Egunkaria edo Berria, Egin edo Gara eta El Diario Vasco. “Periodikua bakarrari deitzen zioten, eta horixe opa dizuet: Periodikua, egun batean, IRUTXULOKO HITZA izatea”, aitortu zuen bertsolariak.
“‘Periodikua’, egun batean, IRUTXULOKO HITZA izatea opa dizuet”
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Azkenik, Goenagari honakoa gustatuko litzaioke: “Donostia izatea Antzerkiaren Hiria, eta hiriak izatea euskaraz publikatzen diren antzezlanak, jendez beteta dauden estreinaldiak, eta hiriak har dezala protagonismo hori”.
Askorako eman zuen mahai inguruak, eta publikoak txalo artean eman zion amaiera ekitaldiari. Hogei urte barru, oxala bertan hitz egindakoek bidea egina izatea, eta Donostia, benetan, Euskararen Hiria, Antzerkiaren Hiria eta Gazteek Etxebizitza Eskuratu Dezaketen Hiria izatea.