Ertzaintzak ez du agenterik kargugabetuko ZIUra bidalitako emakumearen kasuan

Bingen Zupiria Segurtasun Sailburuak adierazi du Ertzaintza “ikertzen” ari dela joan den otsailaren 1ean jazotako atxiloketan ea indarkeriarik erabili ote zen. “Ohiko” prozedurak abiatu direla esan du Zupiriak, eta, bitartean, ez dela ertzainik kargugabetuko. Zupiria egoeraren jakitun dela azaldu du, eta erasotutako emakumea lehen bai lehen osatzea espero duela adierazi du.
Une honetan hiru ikerketa daude zabalik: barnekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearena. Adierazi duenez, hirugarren bide bat irekita dago Donostiako Udaltzaingoaren aurrean, poliziaren jardueraren aurka jarritako salaketagatik.
Gertakariak otsailaren 1ean jazo ziren: bere bikotekidearekin batera urtebetetzea ospatzen ari zen Karen Daniela Agredo Palacio 32 urteko Donostiako bizilaguna, Manterola kaleko diskoteka baten atarian. Familiak salatu duenez, bikotekidea beste gizon batekin eztabaidatzen ari zenean etorri zen Ertzaintza eta bikotekidea atxilotuta eraman zuten. Agredok egoeraren aurrean protesta egin, eta ertzain batek emakumea kolpatu eta lurrera bota zuen, konortea galduaraziz.
Hori da familiak kontatu duena El País egunkariaren Kolonbiako edizioan. Diskoteka horretako langile batek, erasoaren lekuko izan zenak, azaldu du “harrituta” zegoela une hartan, emakumea “konorterik gabe” egon arren berari kolpeka jarraitu baitzuen ertzain batek. Lekuko horrek ere ohartarazi du ertzain batek “indartsu” kolpatu zuela.