Barkaiztegiko pasabidea «berehala egiten hasteko» eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk datorren asteko udalbatzarrera eramango du Martutene eta Barkaiztegi lotzeko pasabidearen eskaera. Hain zuzen ere, Martuteneko Sarroeta auzo elkarteak mobilizazioa egingo du otsailaren 24an, Donostiako Udalari eskatzeko trenbidearen gaineko oinezkoentzako pasabide bat. Udal taldeak bat egin du protestarekin.
“Barkaiztegiko bizilagunek denbora gehiegi daramate Martutenerekin modu zuzenean eta seguruan komunikatuko dituen trenbide gaineko oinezkoen pasabidearen zain. Zehazki, ia lau urte, izan ere 2021eko azaroan Tokiko Gobernu Batzordeak oniritzia eman zion Barkaiztegiko trenbide pasabidea ordezkatzeko trenbidearen gainetik oinezkoentzako pasabide bat egiteko aurretiazko azterlanari”, azaldu du EH Bilduk.
Orduan, Eneko Goia alkateak “urtebete pasatxoan” egitea egotea estimatzen zuela gogoratu du udal taldeak: “Utzikeria begi bistakoa da, eta agerian gelditu da ez dela lehentasunezko gaia. Bertako bizilagunek beren kezka adierazi digute behin eta berriz egunerokoan suposatzen dien arazoa handia delako”.
Zirkulazio arazoez gain, oinezkoentzako “arazo larria” sortu da Barkaiztegi eta Martutene lotzeko bidea “oso luzea eta arriskutsua” delako. “Ibilgailuekin partekatu behar dute errepide eskas bat, ez espaloi eta ezta argirik ere ez duena eta, gainera, buelta oso handia egin behar dute. Gainera, bertan bizi diren herritar asko adinekoak dira”, nabarmendu du EH Bilduk.