«Bizirik dirauen Donostia bati argazkiak egiten jarraitu nahi dut»
Irutxuloko Hitzaren azal nagusien atzean dago Joseba Parron San Sebastian argazkilaria. Gaixotasun luze bat igaro berri, bizitzaz ari da, bizipozez. Argazkiak egitea da bere pasioa, eta ezkerraren alderdi humanoa «inoiz baino gehiago» aldarrikatzeko erabili nahi ditu bere irudiak.

Noiztik daramazu IRUTXULOKO HITZA-n?
2016tik daramat. Nerea Lizarralde zuzendari ohiak bota zidan proposamena eta, ordutik, astero. Irutxulo-ren hastapenetan ere izan nintzen, Ander Usabiaga eta Aitziber Gurutzeagarekin. Komiki tira bat egiten nuen: Neka. Neskato gazte bat zen, garaiko euskarazko prentsaren inguruan hausnartzen.
Desberdina zen dena garai hartan, ez?
Bilbo plazako erredakziora joaten nintzen, astero, nire binetatxoa eramatera, paperean. Eskanerrik ere ez nuen garai hartan.
Eta argazkiak?
Karretearekin egiten genituen argazkiak, eta imajina dezakezu. Herri mugimenduentzako izugarrizko argazki pila bat egiten nuen garai hartan, dokumentazio lan itzela, baina garaiak nola ziren, eta sarekadak zirela eta, artxibo guztia eramaten zuten poliziek tarteka. Herri mugimenduaren artxibo handi bat Madrilen dago.
Hain zuzen, prentsarekin harreman nagusia herri mugimenduen bidez egin duzu.
Argazkigintzan beti izan dut nire arlo pribatua; sormen lanerako eta jolas estetikorako. Eta, bestetik, herri mugimenduei eta egitasmo sozialei lotutakoa. Dokumentazio lana izan da nire helburuetako bat. Prentsarekin lehenengo harreman Gazte Egin-en izan zen. Arte Ederretako Fakultatetan nengoenean, Egin-eko gazte sailarekin kolaborazioak egiten nituen, idazten nuen, eta Txapela Metalikoa egiten genuen, kontrazalaren diseinua.
Erabat aldatu da dena.
Nik ez dut bizi izan hain gertutik, baina nire kide argazkilariek azkar batean joan behar izaten zuten errebelatzera, bertan aukeratu, egunean bertan ateratzen zelako, eta dena paperean eta analogikoan. Orduan, egunkari bakoitzak bere errotatiba propioak zituen. Pentsatzea makina guztiak geldirik daudela, gaueko hamabietan, zure argazkiaren zain daudelako… Ze presioa! Digitalizazioak kontrol handiagoa ekarri du emaitzengan eta azkartasun eta erosotasun maila handiagoa.
Irudi gutxi zeuden garai hartan, egun irudi gehiegi.
Irudiak garrantzia du, dena irudi bilakatu delako. Norbera ere irudi bilakatu da, eta gauden munduaren ezaugarri bat da nork bere burua nola erakusten duen sare sozialetan eta irudi bilakatu duen gizarte mailan harremantzeko. Saturazio ikaragarria dauka, dena oso azkar pasatzen delako. Dena irudi bilakatzeaz gain, aldi berean, abiadura ikaragarria da; bai mugikorren bidez, teknologia digitalek ahalbidetzen dute 20 minutuan argazkia Alderdi Ederreko izkina batean editatzea eta erredakziora bidaltzeko, berehala argitaratu behar direlako, bihar berriro ere beste zerbait gertatuko delako. Munstroaren irudi gosea etengabe elikatu behar da.
Albo kalteak ditu, beraz?
Horrek dakar askotan aukera gutxi hausnartzeko. Garai batean, argazki gutxi egongo zen, baina askoz ikonikoagoak dira, gaur egun direnak baino. Garai batean, irudi batek sekulako indarra hartu zezakeen. Gaur egun nola azkartu den guztia, hori guztia deuseztatu du eta dena da kontsumo azkarra, oso azkarra.
Zer irudi duzu zuk gogoan Donostiari dagokionez?
Garai batean, denok egon gara oso markatuak gatazka politiko-militarrak sortu zituen irudiekin. Bulebarrean izandako istiluak, ehunka gazte kaputxadun Poliziari aurre eginez, Polizia Bulebarra ixten. Hor badaude irudi ikoniko asko. Baina baita ere Realak Liga horiek irabazi zituenekoa, edo elurra egin zuenekoa.
Eta zuk egin duzun baten bat?
Orain, milaka argazki egiten ditugu argazkilariok. Nire artxiboa erraldoia da. Horrek ere zailtzen du, argazki kutun asko ditut. Ez nuke jakingo esaten, benetan zaila, da. Herri harresia egin zenean, Bulebarrean. Hor baditut argazki indartsu asko. Greba feministetan sortu diren irudi ikaragarri horiek. Beti saiatu naiz nik dakidan horrekin kolaboratzen.
Oso gertukoa da, baina Palestinaren aldeko manifestazio erraldoia izan zenean egin zenuen argazkia mundu osoan zabaldu zen.
Hori ere bitxia da. Argazki txiki bat egiten duzu, zure medio txikian, zure herri txikian. Eta mundu osoan zabaltzen ari dira zure irudia milaka pertsona. Nik ez dut arazorik egile eskubideekin, are gutxiago honelako egoeretan, inporta duena mezua denean. Garrantzia dute ekintza egiten dutenak, 40.000 lagun horiek. Nik teknika ahalik eta hoberen egiten dut, baina ez naiz sentitzen horren egile. Jendearenak dira.
Egun ere, hainbat mugimendurekin zabiltza lanean.
Mila saltsetan ibiltzen naiz, bai. Nire biografian herri mugimenduetako komunikazio taldean egon izan naiz beti. Eta nire irudiak pila bat erabili dira. Asko ezin dira esan.
Prentsa lanak ez du ematen bizitzeko, eta lana egiten dut arlo sozialeko beste ekimen batzuekin; Emausekin garapen pertsonala lantzeko proiektuak egiten ditut, argazkigintzaren bidez arlo artistikoa garatzeko. Eta hainbat elkarterekin: Sorginlore, Ikertze, Saretuz, Mugarik gabe, Behatokia, Bagera…
Fotokazetaria zara?
Nik argazkilaria naizela diot beti. Ez dago egun bakar bat ere argazkiak egiten ez ditudana. Niretzat, estetikak badu barne antolamendurako garrantzi handia eta arazo estetiko horietan jarduteak laguntzen dit nire mundu ikuskera osatzen. Fotokazetaria sentitzen naiz, natur argazkilaria ere bai.
Zer behar du honelako argazkilari batek?
Tradizio baten parte sentitzen naiz. Kale honetan bertan argazki denda zuen Foto Mikik edo Paco Marinek… horiek hiriaren edo herriaren dokumentazioa egin dute, askotan nahigabe edo halabeharrez. Hirian gertatzen ziren gauzekin egiten zuten, eta horrek, azkenean, sekulako ondarea ekarri du. Postigo, edo gaur egun Etxezarreta edo Urberen moduan. Horiek guztiek gure bizitzaren erretratuak egiten dituzte, hiriaren eraldaketa kontatuz.
Niretzat, garrantzia izan zuen Aldapetako baserri hura bota zutenean. Gaur egun argazki hori ikusten dut eta iruditzen zait egunen batean norbaitek ikusi ahal izango duela nola suntsitu zen gure historiaren zati bat. Eta ikusi ahal izango du nola izan zen bizimodua lehendik. Bestela, badirudi, ez dela existitu. Eta berdin jendea, jaiak, janzkera…
Gaur egun, gero eta jende gehiago etortzen zaizu, galdetu gabe non aterako den ere, argazki bat egiteko eskatuz, kaldererotan edo Lilatoian, berdin zait. Kaleko jendearekin ere izugarri gertatzen zait. Hurbiltzen zaizu kalean lo egin duen pertsona bat eta eskatzen dizu argazki bat egiteko. Telefono asko ditut horrela, argazki bakarra bidali diedalako. Jendearentzat gero eta garrantzitsuagoa da irudi horietan agertzea. Ondorenera pasatu nahi dutelako, edo nolabait hor egon direla gogoratzeko.
Tokiko kazetaritzarekin alderatzen dut hau. Albistea ez den zerbaiten bidez, garaiaren kronika egiten da.
Eta nola antolatzen dugun begirada hori. Artxibo lana garrantzitsua: izugarrizko lan metodikoa eskatzen du eta errespetu handikoa. John Bergerrek ere esaten zuen: argazki oina inportantea da; zer da argazki hori, non kokatzen da. Ondo antolatu behar da. Matia kaleko argazki bat, 30 urte barru, zer da? Agian, kale hau ez da existitzen jada. Gordegia izugarrizko lana egiten ari da, Altzan ere egin dituzte horrelakoak, baita Kutxatekak eta Filmategiak ere.
Nork bere historia kontatu ahal izateak dakarren ahalduntze erraldoi hori. Hemen egon ginen parke hau aldarrikatzen, normaltzat dugun parke hau autoak aparkatzeko zen. Saltzen diguten memoria estandarrean, nork bere memoria aldarrikatzeko. Antigua Berri padura bat zen gu txikiak ginela, eta gu astapotroarena egitera joaten ginen. Dirudi dena dagoela betidanik, baina dena aldatzen doa, etengabe.
Egunerokotasunaren argazki bat bihurtzen da garai oso baten irudi bat.
Tokiko kazetaritzak eta argazkilaritzak ahalmena ematen dizu gauza txikietan fijatzeko. Prentsa bestelako erritmoetara behartuta dago. Gauza handietan galdu egiten gara, eta pertsonen gauza gertukoenek erakusten digute bizitzak badituela bestelako aldeak.
Eta hortik gauza handiak kontatu daitezkeela.
Oso mendebaldarra da txikia/handia, goia/behea logika. Hori apurtu eta konturatu behar gara dena dela bat. Handia txikian ikusten da eta txikiak eraikitzen du handia. Unibertsala deitzen diogun hori, unibertso txiki askoz osatua dagoela.
Gauza asko aldi berean izan da herri hau.
Bulebarrean izugarrizko istiluak zeuden bitartean, Trinitate plazan harriak altxatzen egon zitezkeen, eta elkarte batean afaltzen eta soto batean talde bat entseatzen. Agenda mediatikoak markatzen du errealitatea, baina oso zabala zen, eta bizipen izugarriak zeuden, eta daude.
Argazkia non egiten duzun.
Historia bere zabaltasunean ulertu ahal izateko tresna dira argazkiak. Historia ez da soilik prentsak eta historia liburuek kontatzen dutena. Milaka bizipen pertsonalen baturak dira. Horiek sortu dute errealitatea.
Zein argazki egin nahiko zenuke?
Argazkiak egiten jarraitu nahiko nuke. Gure Donostia desagertzen ari dela entzuten dugu etengabe. Nik bizirik dirauen Donostia bati argazkiak egiten jarraitu nahi dut. Erakutsiko luke jendea bizirik dagoela bestelako interes komertzialen gainetik. •