Bostekoa eman diote Europari
Realak Midtjyllandi irabazi dio itzulerako partidan ere (5-2), eta Europa ligako final-zortzirenetarako sailkatu da.

Atarikoan golen garrantzia aipatzeak ez zuen iragarpen bat izateko asmorik. Horrela ere, Realak bost gol egin zizkion Danimarkako Midtjylland talde ausartari (5-2). Atzo gauean Anoetan jokaturiko Europa ligako final-hamaseirenetako itzulerakoa gorabeheratsua izan zen. Zorionez, ordea, hanka sartzeek ez zuten kanporaketa baldintzatu.
Ziztu batean eta sendo hasi zuten partida txuri-urdinek. Bosgarren minutuan, Braisek ederki probestu zuen Mads Bech Sorensen kapitainaren oparia. Laprast egin zuen atezainaren pasea jasotzerakoan, eta galiziarrak markagailua inauguratu zuen. Reala ez zen konformatu eta estutzen jarraitu zuen. Horrela, 18. minutuan Sucicek neurketako bigarrena egin zuen, Oiartzabalen eta Barrenetxearen jokaldi bikaina borobilduta. Ordutik aurrera, partida gaiztotu egin zen. Barrenetxeak berak akats larria egin zuen, eta Castillo kolpatu zuen txuri-urdinen area barruan. Buksak penalti bidez egin zuen danimarkarren lehena, 24. minutuan. Reala noraezean geratu zen, ahulezia erakutsi zuen, eta bisitariek ederki aprobetxatu zuten neurketa berdintzeko. Osoriok lortu zuen 39. minutuan, zartako baten bidez. Orduan berpiztu ziren txuri-urdinak, eta atsedenaldira iritsi aurretik, Sucicek korner baten aldaratzea ate barrura bidali zuen, jaurtiketa zehatz batekin. Kroaziarrak bere bigarren gola egin zuen.
Bigarren zatian, Realak norgehiagoka kontrolpean izatea hobetsi zuten. Halere, beste ezusteko bat gertatu zen. Sucicek belaunean min hartu zuen, eta lesio larrien mamua agertu zen Anoetan. Zorionez, ez dirudi erdilariak hausturarik duenik. Gainerakoan, Midtjyllandek ausart jarraitu zuen, baina ez zituzten opari gehiago jaso. Aldiz, beraiek egin zuten akatsa. Silvari txartel gorria adierazi zioten falta itsusi bat egiteagatik, eta minutu batzuk beranduago, Realaren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak. Oiartzabal kapitaina zangotrabatu zuten, eta bera arduratu zen laugarren gola egiteaz, 73. minutuan. Bostekoa lortzeko, berriz, Oskarsson aurrelaria agertu zen. Zakharyanen erdiraketa neurtua baliatu zuen gola egiteko.
Neurketa bukatu bezain pronto, igandean Leganesen kontra ligan jokatuko duten partidari begira jarri ziren. Dena dela, Europako final-zortzirenetako zozketari begiratzeko tartea hartuko dute. Izan ere, 13:00etan egingo dute Nyonen (Frantzia), eta jakina da bi hauetako talde baten kontra ariko dela Reala: Manchester United edo Tottenham.