Harpidedunen Hitza
Zer izango litzateke IRUTXULOKO HITZA zuen, harpidedunen, babesik gabe? Hogei urtez bidelagun izan zarete, zuen etxeetan astero-astero txokoa egin diguzue, astekariaren zein webgunearen bitartez, eta Donostiako bizipen, proiektu eta egitasmoak elkarrekin partekatu ditugu. Zuetako batzuen hitzak gure etxean jasotzeko txokoa egin dugu gaurkoan.

«Aldizkari euskalduna, plurala, sozialki konprometitua eta gurea»
Iker Jauregi Zarate, Egia
Aldizkaritik zer duzu gustukoen? Zein ekarpen egiten dizu IRUTXULOKO HITZAk?
Gehien gustatzen zaiguna Donostian eta Euskal Herrian gertatzen denaren berri izatea da. Gertakarien gaurkotasuna eta freskotasuna. Bestetik, argazkiak oso politak dira, eta, gertukoa denez, ezagunak eta lagunak azaltzen dira. Mugimendu sozialek eta euskalgintzak ere beren lekua dute. Lurraren defentsaz, etxebizitza eskubideaz, immigrazioaz eta feminismoaz ikuspuntu objektiboa ematen digu, euskara hutsean. Makro proiektuen garai honetan, txikitasunetik, elkar ulertzeko, zaintzeko eta antolatzeko egitasmo ederra da.
Hau da paperean irakurtzen dugun komunikabide bakarra. Agenda oso gustukoa dugu, asteburuko planak egiteko ideia onak ematen baitizkigu. Denbora-pasa batzuk ere egin izan ditugu. Jaien jarraipenak eta aldizkari monografikoak ere interesgarriak iruditzen zaizkigu.
Zergatik erabaki zenuen harpidedun izatea?
Lehenik, euskal prentsari bultzada ematearren egin ginen harpidedun. Bestetik, gustura irakurtzen dugulako, eta paperean euskarriak izatea ona delako, hala, gure semeek euskarri euskalduna izan dezaketelako digitalaz harago.
Bestalde, Donostian euskaldun asko gara, eta halako komunikabideek elkarren berri izatea ahalbidetzen du, eta hori euskararentzat oso ona da.
Nola definituko zenuke, hitz gutxitan, IRUTXULOKO HITZA?
Aldizkari euskalduna, plurala, sozialki konprometitua eta gurea. Bertatik bertara. Aupa zuek!
«Harpidedun izateak indarra ematen dit»
Josebe Amondarain, Amara Berri
Aldizkaritik zer duzu gustukoen? Zein ekarpen egiten dizu IRUTXULOKO HITZAk?
Atal guztiak iruditzen zaizkit interesgarriak: erreportajeak, iritziak, auzoei buruzkoak… eta ekarpen handia egiten dit, Donostiako albisteak jasotzen baititut. IRUTXULOKO HITZAri esker, gainerako auzoen berri izaten dut, baita kultur jardueren berri ere. Euskaraz irakurtzeko aukera handirik ez dugunez, oso egokia iruditzen zait, bai euskaldun berrientzat, bai euskaldun zaharrentzat. Donostiako jendea ezagutzeko ere egokia dela deritzot, eta albisteak neutroak dira, eta ez arrazistak…
Zergatik erabaki zenuen harpidedun izatea?
Euskalduna izanik, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit euskarazko aldizkariak, liburuak, antzerkiak… horiek aurrera egin dezaten egin nintzen harpidedun. Tristea da euskaldunok horrenbeste borrokatu behar izatea, goikoak ez baitaude prest. Euskal kulturarako laguntza gehiago bideratu beharko lirateke, eta udalak ere laguntza gehiago eman beharko lituzke. Harpidedun izateak indarra ematen dit, badagoelako Donostian ni bezalako jende ugari, euskararen alde egiteko prest. Garbi dago: guk egiten ez badugu, ez du beste inork egingo.
Nola definituko zenuke, hitz gutxitan, IRUTXULOKO HITZA?
Euskarazko euskarri egokia. Bertan agertzen diren albisteek begiak zabaltzen dizkizute, jende asko baitago hiriko hainbat pertsona edo egoera zikintzen saiatzen. Batez ere, gure ama hizkuntzari indarra emateko bidea da, eta gure kultura maite dugunok elkartzeko bidea. Beste hainbat urtez jarrai dezala horrelaxe!
«Urtetik urtera indartu eta hobetu den proiektua da»
Ainhoa Amunarriz Iraola, Parte Zaharra
Aldizkaritik zer duzu gustukoen? Zein ekarpen egiten dizu IRUTXULOKO HITZAk?
Gaurkotasunezko gaiak eta gertuko albisteak oso modu txukun eta atseginean azaltzen dira aldizkarian, bestela beste inolako komunikabideetan ezagutzera emango ez zirenak. Hemengo egunkarietan, nekez aurkitzen dira gure hiriko gertuko albisteak (gaztelaniazko egunkarian izan ezik),eta IRUTXULOKO HITZAk hutsune hori ongi baino hobeto betetzen du.
Era berean, beti dago gustuko iritzi artikuluren bat, erreportaje interesgarriren bat, edota Donostiako pertsona interesgarriren bat ezagutzeko aukera.
Eta hasieratik harpidedun izateari esker, Gaztezulo aldizkaria ezagutzeko aukera izan dut, eta hori ere oso gustuko dut.
Zergatik erabaki zenuen harpidedun izatea?
Lehen esan dudan moduan, Donostiako auzoetako eta gertuko albisteak euskaraz topatzeko gabezia sumatzen nuen. Eta, euskaldun gisa, euskaldunak diren produktuak kontsumitzeko hautua egiten dut. Beraz, Donostian, euskarazko aldizkaria atera behar zela jakin nuenean, ez nuen zalantzarik izan.
Nola definituko zenuke, hitz gutxitan, IRUTXULOKO HITZA?
Zailtasun askori aurre eginda, euskal aldizkari lokal eta duina da, hogei urtez hutsik egin gabe aurrera ateratzen ari zareten proiektua, eta, dudarik gabe, urtetik urtera indartu eta hobetu dena. Hala jarrai dezazuela!
«Beste komunikabide batzuek egiten ez duten bezala, isilarazitako pertsonei eta kolektiboei ahots ematen die IRUTXULOKO HITZAk»
Espe Lozano Arteaga, Aiete
Aldizkaritik zer duzu gustukoen? Zein ekarpen egiten dizu IRUTXULOKO HITZAk?
Gustukoen ditudan atalak erreportajeena, Klik-klak atala eta argazkiak dira. Aldizkariaren ikuspuntuarekin bat nator: beste komunikabide batzuek egiten ez duten bezala, isilarazitako pertsonei eta kolektiboei ahotsa ematen die, interesatzen zaizkidan gaiak jorratzen ditu, eta bat nator ikuspegi sozial eta komunitarioarekin. Ikuspegi irekia, errespetuzkoa eta integratzailea duen hedabidea dela uste dut.
Zergatik erabaki zenuen harpidedun izatea?
Bai emozionalki, bai arrazionalki, proiektu honekin konprometitua sentitzen naiz, eta uste dut laguntza oro oso garrantzitsua dela. Beste komunikabide batzuekin alderatuta eta jasotzen dituzten laguntza ekonomikoak kontuan izanda, ingurune apala da, eta guztiok lagundu behar genioke. Kalitatezko eta euskarazko kazetaritza egitean dago gakoa.
Nola definituko zenuke, hitz gutxitan, IRUTXULOKO HITZA?
Gure ingurunekoa, etxekoa, hurbilekoa, fidagarria eta sozialki konprometitua den hedabidea da IRUTXULOKO HITZA.
«IRUTXULOKO HITZA auzo eta txoko donostiar guztiak dira»
Maider Herreros, Aiete
Aldizkaritik zer duzu gustukoen? Zein ekarpen egiten dizu IRUTXULOKO HITZAk?
Gustuko dut Donostiarekin etengabe konektatuta mantentzeko modua izatea hedabidea. Horri esker, askotan gure gertuko testuingurutik harago doan informazioa iristen zaigu. Gainera, azken urteotan freskotasuna eta perspektiba berriak lortu direla uste dut, baita gaurkotasuna eta intersekzionalitatea irabazi ditugula ere. Gertukoen hausnarketa interesgarriak ere irakurri ditzakegu, eta niretzako oparia izaten da lagun baten hitzekin topo egitea.
Zergatik erabaki zenuen harpidedun izatea?
Batetik, hedabide independente batengandik eskuratu nahi nuelako Donostiako eta bere auzoetako informazioa. Bestetik, edukiak euskaraz eskuratu nahi nituelako, aldi berean, niretzat garrantzitsuak diren ikuspegiak oinarritzat hartuta: feminismoa, elkartasuna, auzolana… Halako hedabide batean informazioa bilatzeko beharra sentitzeaz gain, babesteko eta horren parte izateko beharra sentitu nuen.
Nola definituko zenuke, hitz gutxitan, IRUTXULOKO HITZA?
Betikoaren zein berriaren, tradizioaren zein gaurkotasunaren, hurbilekoaren zein urrunekoaren, eta hiriaren zein herriaren berri ematen duen tokiko komunikabidea da. Bertakoek, bertako hizkuntzan, eta bertan bizi direnentzat egindako lana da. Horrek berezia den zerbaiten parte sentiarazten zaitu, komunitate baten parte. IRUTXULOKO HITZA Donostia da, baina, batez ere, auzo eta txoko donostiar guztiak dira.