Herri Irratiari buruzko dokumentala grabatzen ari da Eneko Olasagasti

Eneko Olasagasti zinemagile donostiarra Herri Irratiari buruzko dokumentala grabatzen ari da egunotan, Naiz hedabidearen Donostiako egoitzan.
Filmaketaren lehen fasea da honakoa, orain hamar urte inguru ESREC eta Maluta* Films ekoiztetxeek egindako dozena bat inguru elkarrizketen jarraipena. Hain zuzen ere, Herri Irratiko esatariak edo kolaboratzaileak izandako pertsona ezagunak izango dira filmeko protagonistak: Paco Sagarzazu, Txaro Arteaga, Maria Jesus Garijo, Jose Joaquin Forcada Forki, Joxemari Iriondo, Joxemari Otermin, Xabier Otaegi, Maddalen Iriarte, Tito Irazusta, Iñaki Elorza Txapas, eta abar.
Horien hitzak jasotzearekin batera, birsortzeen eta artxibo irudien bidez, irratsaio eta une esanguratsuak berreskuratuko dituzte dokumentalean. Irrati bat, Herri bat da lanaren behin-behineko izena, eta urte amaierarako prest egotea aurreikusi dute, 2026aren hasieran estreinatzeko.
Proiektuaren sustatzaileen artean IRUTXULOKO HITZA dago. Hain zuzen ere, Donostia eta euskal kultura uztartzen dituen proiektuei bultzada emateko helburuarekin, beste ikus-entzunezko batzuk ere babestu izan ditu Donostiako euskal hedabideak, hala nola, Negu Hurbilak eta Apaiz kartzela.