Iragana aztertu, orainari buruz galdetzeko
'Memoriaren basoak' erakusketa ikusgai dago San Telmo museoan maiatzaren 11 arte. 21 artista garaikideren askotariko diziplinatako 34 piezen bidez, testuinguru totalitarioetan menderatze eta kontrol sozialerako teknologiak jorratzen ditu.

Memoriaren basoan barrena egin eta iraganari helduta orainari buruz pentsatzeko gonbita da San Telmo museoak ostiral goizean aurkeztu duen erakusketa berria. Maiatzaren 11ra arte, 21 artista garaikideren askotariko diziplinatako 34 piezek osatutako bilduma ikusteko aukera izango dute bisitariek. Obrek bai Frankismoak bai Txileko eta Argentinako diktadurek garatutako menderatze eta kontrol sozialeko teknologiak azterteko bide emango diete ikusleei; baina atzera begiratu ondoren, aurrea begira jar daitezen. Memoriaren basoak “atzokoa ikusiz eta begiratuz, gaurko eta biharko galderak proposatzen baititu”, Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendiren esanetan.
Erakusketak aztertzen du arteak bere tresnen bidez, traumen eta zalantzen lekuko eta egiaztatzaile gisa duen papera, bizipen sendagarriak ikusaraziz eta partekatuz. Baita gizartea nola eraldatzen den erregimen totalitario baten menpe ere, azken horrek utzitako aztarna materialak eta immaterialak erakutsiz. “Zertzeladak dira, batzuetan ez ditugu nabaritzen, ikusten edo nahikoa begiratzen, eta artistek aurrez aurre jarriko dizkigute”, zehaztu du Otamendik. San Telmoko zuzendari Susana Sotok gehitu du “kontrapuntu edo erresistentzia modu gisa” kokatzen diren lanak ere badaudela.
Memoria, lan ildo
Dokumentuak, instalazioak, argazki liburuak… askotariko piezak dira bi areto betetzen dituzten lanak, artean, Iñaki Gracenea eta Juan Perez Agirregoikoa donostiarrenak. Halaber, hiru artxibotako piezak ere: Lazkaoko Benditarrena, Txileko C.A.D.A eta Argentinako Graciela Carnevale/Tucuman Arde. Sotok nabarmendu du aurrez museoan izandako beste erakusketa batzuekin bat egiten duela Memoriaren basoak-ek, izan ere, beren lan ildoetako bat da artista garaikideen begiradatik errealitate sozial historikoak eta egungoak ikusaraztea eta babestea, gogoeta sustatzeko.
Mabel Tapiak eta Mira Bernabeuk komisionatu dute erakusketa. Tapiak azaldu duenez, Clemente Bernad eta Ana Teresa Ortegak Madriden egindako erakusketa bikoitz bat izan zen proiektuaren sorburua. Haien altzoan elkarrizketa eta elkartruke gune bat zabaldu zen zenbait artisten artean eta han azaleratu ziren erakusketa honen oinarria diren galderak. “Nola bizirik irauten dute eta luzaroan irauten dute erregimen totalitarioen aztarnek edo markoek?”.
Galderak eta galderak
Egungo teknologiek ekarri dituzten desafioak daude Tapiaren ustez artista gazte askok memoriarekin “birkonektatzearen” jatorrian. Horregatik, ohartarazi du aukeratutako lanen egileek iraganari buruz hitz egiten badute ere, “bereziki, orainaz mintzo” direla, historia gaurtik ere idazten delako. “Mugitzen dituena orainaren eraketa da. Historia gaurtik ere idazten da. Nola berregituratzen dira zenbait genealogia, nola berrartzen dira zenbait historia eta nola egiten diren berriro presente zenbait isiltasun eta absentzia. Orainak iraganarekin lan egin behar du beste etorkizun posible batzuk irudikatzeko”.
Ibilbidean, historia pertsonalak eta talde historiak ageri dira, Tapiak argitu bezala, pertsonala sozialarekin oso lotua baitago, eta biak politikoak dira. “Politikak zeharkatu egiten ditu historia pertsonalak eta sozialak”. Ukitutako gaien artean, zenbait marko edo ideariok testuinguru bestelakoetan teknologia horien garapena erraztu izana eta erregimena desagertu ondoren ere kontrol bide horien mantentzea daude. Hala ere, komisarioaren nahia galdera asko eragitea da, “erantzunak baino galdera askoz gehiago”, horien bidez, orain eta etorkizun berriak eraiki daitezkeelako Horretarako, basora sartu behar.
Txangoa testuingu totalitarioen mehatxu nagusietako bat den kartzelaren atea ‘zeharkatuta’ egin behar da; kasu honetan, Bartzelonako La Modelo espetxekoa irudikatzen duena. Kartzelako kodeak, diktadura amaituta ere bizitakoa kontatzeko beldurra dutenen testigantzak, erregimenaren erakusgarri altxatako eta oraindik ere zutik dauden eraikin, eskultura eta eraikuntzen irudiak; desagertuak bizirik agertzeko aldarria duten ardo botilak, autozentsura, erresistentziaren sinbolo diren loreak… Obra batzuek besteei egiten diete keinua, batetik bestera doan zubia eginez eta joan-etorria proposatuz. Basoak irteera bakarra du, behin amaierara iritsita, atzera egin behar da. Memorian moduan.