«Ondo informatuta egon behar duzu txikitik gauzak aldatzeko»
Irutxuloko Hitzaren sorrera ondo baino hobeto ezagutzen du Amaia Portugal Gonzalez kazetariak (Egia, 1984). Bruselan (Belgika) bizi da egun, eta EITBren irratien berriemailea da. Aitortu duenez, Irutxuloko Hitza jarraitzen du Donostiaren eta Egia auzoaren berri izateko.

Noiz izan zenuen Irutxuloko Hitzaren berri?
Unibertsitatean nengoela, tarteka, Irutxulo aldizkarian kolaboratzen hasi nintzen. Dena dela, lehen artikulua Batxilergoko ikasketak egiten ari nintzela idatzi nuen, 2001ean, oker ez banago. Aldizkarirako kolaborazioak, berriz, 2002tik aurrera egin nituen. Gerora, Irutxuloko Hitzaren proiektuaren berri lan eskaintzaren iragarkiarekin izan nuen, ziurrenik. Irutxulo-n kolaboratzen nuen arren, ez nekien egunkari bihurtuko zenik.
Noiz hasi zinen Irutxuloko Hitzan lanean?
2005eko urtarrilean, egunkaria martxan jarri zenean. Irutxulo aldizkariko lantaldearekin bat egin genuen beste hiruzpalau kazetarik. Jakina denez, zero ale bat kaleratu genuen urte hartako San Sebastian egunaren bezperan. Lehen zenbakia, berriz, gogoan dut 2005eko otsailaren 17an kaleratu genuela.
Kazetaria, zuzendariordea eta kolaboratzailea izan zinen. Etapa bakoitzeko esperientzia nola laburbilduko zenuke?
Kazetari gisa izan nuen lehen esperientzia profesionala da Irutxuloko Hitzak eskaini zidana. Zalantzarik gabe, sekulako eskola izan zen niretzat. Unibertsitateko teoriarekin batere zerikusirik ez zuena. Irutxuloko Hitzan lanean hasi nintzenean, oraindik Kazetaritza ikasketak egiten ari nintzen, eta gogoan dut kazetaria nintzela esateak lotsa ematen zidala. Orduan, oraindik ez nintzen kazetari sentitzen, ofizioa ez nuelako ezagutzen. Horregatik diot kazetaritza zer den Irutxuloko Hitzan ikasi nuela.
Zuzendariorde postua behin-behinekoa izan zen, garai zail batean murgildu zelako hedabidea. Aitortu behar dut ardura handiegia izan zela niretzat, 23 urte nituelako, baina beharrezkoa zelako onartu nuen. Horrela ere, beste gauza batzuk ikasi nituen. Denbora labur batez izan nintzen zuzendariordea, eta zubi moduko bat izan zen, berriz ere, erredaktore izatera pasatu nintzelako. Interesgarria izan zen kazetari postuan alor desberdinak landu nituelako lehen etapan eta bigarrenean. Kirol kazetari gisa hasi nintzen, eta zuzendariorde izan ondoren, bestelako gaiak landu nituen. Esaterako, solasaldi eta hitzaldi askoren kronikak idatzi nituen, eta iritziaren atalaz ere arduratu nintzen. Oso aberasgarria izan zen niretzat.
2005etik 2008ra aritu nintzen Irutxuloko Hitzan lanean, eta kolaboratzaile askoz aurrerago bihurtu nintzen. Oker ez banago, 2016tik 2019ra idatzi nuen Loretopetik atalean. EITBko lana egonkortu nuenean, uztea erabaki nuen arrazoi desberdinengatik. Dena dela, oroitzapen oso polita daukat. Batez ere, gai baten inguruan hitz egiteko aukera erraza eta aproposa zelako. Donostiaren ikuspegi propioa emateko aukera ematen zidan, eta gustura aritu nintzen iritzigile moduan.
Irutxuloko Hitzaren lehen egoitza Katalina Eleizegi kalean zegoen, Aieten. Gaur egun, ordea, Ametzagaña kalean dago erredakzioa. Hau da, zure kalean…
Autorik ez nuen Irutxuloko Hitzan lanean hasi nintzenean, eta gurasoena erabiltzen nuen, tarteka, Aietera igotzeko. Beste batzuetan San Bartolomera joaten nintzen autobusa hartzera, eta, bestela, oinez igotzen nintzen. Ez zen erraza haraino iristea garraio publikoan. Lanerako eta hitzorduetarako aintzat hartu beharreko zerbait zen. Dena dela, garai hartan gurasoen etxean bizi nintzen, Karmengo Ama kalean.
Egoitza aldaketaren berri izan nuenean, batetik, langileengatik poztu nintzen hirian mugitzeko aproposagoa zelako. Bestetik, egoitza aldaketa gure garaian egin izan balitz, askoz hobe [barrez].
Irutxuloko Hitza utzita, hurbiletik zein distantziatik jarraitu duzu gaur egunera arte?
Bai, noski. Utzi nuenean, bi urte eman nituen kanpoan; Edinburgon (Eskozia) eta Londresen (Ingalaterra). Jarraipena erabatekoa izan ez bazen ere, presente nuen Irutxuloko Hitza. Batez ere, erredakzioko kideak ezagutzen nituelako, eta haiekin harremana mantendu nuelako. Garai horretako lankide batzuk dira nire lagun minak. Beraz, utzi eta lehenengo urteetan jarraipen estuagoa nuen. Azken urteotan, ordea, urrutiago nago, eta Irutxuloko Hitzaren jarraipena webgunearen bidez egiten dut.
Izan ere, Bruselan bizi zara. Donostiaren berri izateko Irutxuloko Hitzaren webgunera sartzen zara?
Esan moduan, bai. Egia da hedabide askoren webguneetan sartzen naizela egunero, baina horietako bat da Irutxuloko Hitzarena. Gaien arabera, egia da ere jarraipen zehatzagoa egin izan diodala. Adibidez, Kaleko Afari Solidarioen afera gertatutik jarraitu nuen Irutxuloko Hitzari esker. Gainera, protestak nire auzoan gertatu zirenez, interes gehiago nuen, eta Irutxuloko Hitza zen han zegoen hedabide bakarra. Bideoak zuenak ziren, eta telebistan atera zituztenak ere. Horrelakoetan eta auzoei buruzko albisteak direnean, Irutxuloko Hitzak soilik egin ohi du jarraipena. Gertuagoko informazioa eskaintzen du; txikira jotzeak egiten du Irutxuloko Hitza handi.
Kanpotik, nola baloratuko zenuke Irutxuloko Hitzak azken hogei urteotan egindako lana?
Une horretan, Irutxuloko Hitzak ia itxita zegoen ate bat zabaldu zuen. Irutxulo aldizkariak asko egiten zuen zentzu horretan, baina tokian tokiko gaurkotasunari garrantzia euskaraz ez zion beste inork ematen. Ate hori zabaldu zen, eta, gerora, Irutxuloko Hitzak gorabehera asko izan zituen. Egunkari izatetik astekari izatera pasatu zen, eta webgunea garrantzitsuagoa bihurtu zen gaurkotasunaren berri emateko. Formatuak aldatu dira, eta batzuk izango dira beste batzuk baino erakargarriagoak, baina bide hori zabaldu zen duela hogei urte, oraindik zabalik dago, eta bidea bera ere normalizatu egin da. Donostiako euskaldunei tokian tokiko informazioa eskaintzea oso garrantzitsua da, eta bide hori Irutxuloko Hitzak zabaldu eta jorratu du bere formatu guztietan. Halere, iruditzen zait batzuek ez diotela behar besteko aitortza egiten.
‘Mundu osoa da tokikoa’ da 20. urteurreneko leloa. Ados zaude?
Oso egokia iruditzen zait. Pertsona batek esaten duenean munduko herritarra dela, hori gezurra da. Mundu guztia da nonbaitekoa, eta batetik bestera ibili arren, mundu guztiari interesatzen zaio gehiago bere jatorria. Beste lelo batekin ere bat egiten du: Txapela buruan eta ibili munduan.
Tokiko informazioak zer nolako garrantzia du zure ustez?
Beste edozein informaziok bezainbeste edo gehiago. Batzuetan gutxietsi egiten da, baina gure egunerokoan inpaktu gehien duten albisteak bizi garen tokian gertaturikoak dira. Guk gauzak aldatzeko ahalmena ere, izatekotan, hemen dugu. Izan ere, txikitik hasi behar da gauzak aldatzen eta eragiten. Horren eredu dira auzo elkarteak eta auzoetako komunitateak. Ondo informatuta egon behar duzu txikitik gauzak aldatzeko.
Irutxuloko Hitzak betetzen du tokiko informazioaren funtzio hori?
Horretarako sortu zen, eta funtzio hori betetzen jarraitzen du. Auzoetara iristea, auzo elkarteekin eta tokiko eragileekin harremanetan egotea… hori dena tokian tokiko hedabideek egiten dute, eta Irutxuloko Hitzak ere egiten du.
Gainerakoan, Irutxuloko Hitzak zer nolako ekarpena egiten dio Donostiaren eguneroko kontakizunari?
Norbanakoak informatuta egon behar du zerbait eraldatzeko. Ekarpen hori egiten dio hiriari, eta baita herritarrei ere. Ez zait hitza gustatzen, baina donostiarrak ahaldundu egiten ditu. Irutxuloko Hitza irakurtzeak esan nahi du informatu egiten zarela egunerokoan zurean gertatzen ari denaz, eta horrek herritar kritikoagoak eraikitzen laguntzen du.