Ospitaleko langileak berriz elkarretaratu dira, otsailaren 26an zuzendaritzarekin bilduko diren arren
"Deialdiari eutsi diogu, eskakizunak berdinak direlako: aparkaleku eta garraio publiko falta", adierazi du langile batzordeak.

Otsailaren 7an egin moduan, Donostiako ospitaleko langileek elkarretaratzea egin dute, 07:30ean. SATSE, LAB, ELA, CCOO, SAE, UGT eta TECNOS sindikatuek deitu eta mantendu dute mobilizazioa. Hain zuzen ere, leku eta ordu berean elkartzera deitu dituzte, langileen batzordeak zuzendaritzarekin otsailaren 26an izango duen bileraren berri emateko.
“Bilera egiteko data ematea onartu du zuzendaritzak, mobilizazioen presioaren ondorioz”, nabarmendu du langile batzordeak. Hain zuzen ere, “langileentzako bai erabiltzaileentzako aparkaleku eta garraio publiko faltaren arazoari benetako irtenbidea emateko” eskatu diote zuzendaritzari. Bigarren deialdiaren ondoren jarri zen zuzendaritza langile batzordearekin harremanetan.
“Deialdiari eutsi diogu, eskakizunak berdinak direlako. Zuzendaritzaren informazio eta irtenbide faltak guztion ezinegon eta haserrea areagotu duelarik”, salatu dute.