Txuri Urdineko mutilek ligako azken partida jokatuko dute
Denboraldi irregularra osatuta, Porto hartuko dute bihar, Anoetako izotz jauregian (21:00).

Ez da ahazteko modukoa izan, baina ez dute luzaroan presente izango. Txuri Urdineko mutilek ez dute denboraldi erraza izan, lesioak eta gabeziak tarteko. Ligako fase erregularreko eta sasoiko azken norgehiagoka jokatu dute bihar, Anoetako izotz pistan (21:00). Portoren aurka jokatuko dute, eta galdu ala irabazi, sailkapeneko bosgarren tokian bukatuko dute liga. Aldiz, Txuri Urdineko neskek oso bestelako helburua izango dute, leku berean, Donostian. Ligako titulurako finalerdietako bigarren partida jokatu dute Puigcerdaren kontra, bihar, 17:30ean. Lehen partida irabazi ostean (3-5), kanporaketa erabakita utziko lukete bigarren partida irabazita. Galduz gero, hirugarren partida etzi jokatuko lukete, 14:30ean.
Eskubaloian, Bera Berak Europa ligako multzoen faseko azken neurketa jokatuko dute etzi, Gaska kiroldegian (18:00). Flames alemaniarren kontra ariko dira, eta eskura dute final-laurdenetara sailkatzea. Horretarako, berdindu edo irabazi egin beharko dute.
Futbolean, Realak ligako partida jokatuko du Leganesen aurka etzi, Anoetan (21:00). Hiru egunetik behin jokatzen ari dira txuri-urdinak, eta lehiakortasuna mantentzea zaila bada ere, Europa ligan aurrera egin izana akuilu izango da taldearentzat.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek garaipen premia asebetetzeko beste aukera bat izango du bihar, Gaska kiroldegian (18:00). Celta gainditu beharko dute denboraldiko zazpigarren garaipena lortzeko. Sailkapenaren putzuan sartuta daude, 15. tokian —hamasei taldeko liga da—.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen iberiar liga, azken jardunaldia
- Txuri Urdin – Porto (bihar, larunbata, 21:00)
Emakumezkoen ligako titulurako kanporaketa, finalerdiak
- Txuri Urdin – Puigcerda (bihar, larunbata, 17:30)
- Txuri Urdin – Puigcerda (etzi, igandea, 14:30) *hirugarren partida, behar izango balitz
Eskubaloia
Europa ligaren multzoen fasea, 6. jardunaldia
- Bera Bera – Flames (etzi, igandea, 18:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 25. jardunaldia
- Reala – Leganes (etzi, igandea, 21:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 22. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Celta (bihar, larunbata, 18:00)