Euskaraldia Hikan izena ematera deitu dute ZirHikaren Donostiako aurkezpenean

ZirHika mugimendua aurkeztu zuten atzo, Groseko Zaldi Urdina arte eskolan, eta hainbat pertsona elkartu ziren. Tartean, hiru ZirHikazale: Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak eta Andrea Bella uruguaitarra. Mugimenduaren inguruko azalpenak, berriz, Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak eta Galtzaundiko Uxoa Elustondok eman zituzten. ZirHikakideak ere badira.
Herriz herri hitanoa bultzatzea du helburu ZirHika mugimenduak; batez ere, noka. Euskal Herriko I. Hika Topaketatik sortu zen eta hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute. Sorrerari buruz aritu ondoren, aurrera begira jarri ziren aurkezpenean. Hala, aurtengo egitasmoen inguruko informazioa eman zuten. Esaterako, Euskaraldia Hika bultzatzen ari dira, Tauparekin batera. “Txapan H-a eramateak ‘nirekin hika egin dezakezu’ esan nahi du eta posible da hika jakin gabe ere H-a eramatea”, nabarmendu zuten. Dagoeneko 66 herrik eman dute izena Euskaraldia Hikan. Izena emateko deialdia ere egin diete herriei, izena ematen ez duten herrietan herritarrek ez baitute aukerarik izango H-a eskuratzeko. Martxoaren 1ean amaitzen da herriek izena emateko epea.
Bestalde, Euskal Herriko II. Hika Topaketa egingo dutela aurreratu zuten. Azaroan izango da Markina-Xemeinen. Euskal Herriko II. Hikadromoa ere egingo dute. Lehenengoa abenduaren 7an egin zuten, Durangoko azokan, eta 75 lagunek parte hartu zuten. “Balorazio oso positiboa egin genuen eta errepikatu egingo dugu”, adierazi zuten.
Praktika onen dekalogo bat ere prestatuko dute, hitanoa bultzatzen hasi nahi dutenentzat, eta udalekuetan hitanoa txertatzeko saiakera ere egingo dute, bertso udalekuetan eta UEMAren Salto! udalekuetan: “Gazteak hitanora hurreratzea oso garrantzitsua da”.
Gogorarazi zuten ZirHika hika eragileentzat irekita dagoen talde bat dela eta parte hartzeko gonbidapena egin dute. Ondoren, ZirHikazaleek hartu zuten hitza. Andrea Bellak hitanoa nola ikasi zuen kontatu du, Uruguain, eta bi bertsolariek ere beraien esperientziaren berri eman zuten. Esperientzia pertsonalaz gain, bertsolari moduan hika jarduteko dituzten zailtasunez aritu dira. Puntuz puntu hika bertsotan eman diote amaiera aurkezpenari, oso giro ederrean.