Erdian Bizik San Bartolomeko proiektua gelditzeko «ekimen guztiak» babestuko ditu

San Bartolome muinoan merkataritza zentro bat eta lurpeko lau solairuko aparkaleku bat eraiki nahi ditu Donostiako Udal Gobernuak. Horren kontra agertu dira hainbat alderdi eta eragile. Esaterako, Erdialdeko Erdian Bizi auzo elkartea. Ohar baten bidez, Odon Elorza alkate ohiak eta Jorge Letamendia Hirigintzako zinegotzi ohiak proiektuaren aurka aurkeztuko duten errekurtsoa babestu du elkarteak.
Hain zuzen ere, pasa den astean Elorzak eta Letamendiak agerraldi bat egin zuten udaletxean, Elkarrekin Donostiarekin batera. Merkataritza zentroaren eta aparkalekuaren kontrako helegite bat aurkeztuko dutela iragarri zuten. Era berean, proiektuaren aurkako herritarren plataforma bat osatu nahi dute.
“Elkarte gisa berresten dugu proiektua geldiaraztera bideratutako edozein ekimen herritar babestuko dugula. Izan ere, proiektu horrek jasangarritasunaren eta ingurumenaren aurka egiten du, trafikoaren ondoriozko emisioak areagotuz eta Donostiako Erdialdeari San Bartolome muinoaren iparraldeko hegalean berdegune bat egiteko aukera ukatuz. Bestetik, proiektu hori egiteak 64 metroko altuerari dagokion mendi harritsuaren bolumen hustuketa suposatzen duenez, inguruetako biztanleen eta merkatarien bizitza jasanezina egingo luke”, azaldu du Erdian Bizik.
Gainera, merkataritza guneak saltoki txikien garapenari “kalte” egingo diola nabarmendu dute. Iritzi berekoak dira Dendartean gisako merkatarien elkarteak. “EAEko Auzitegi Nagusian oraindik ebatzi gabe dagoen eta Erdian Biziren babesa duen errekurtso bat aurkeztu zuten”, gogoratu dute.