Aldundiak 1.000 zuhaitz landatu ditu Donostiako zazpi eremutan

Gipuzkoako Foru Aldundiak 45.871,10 euro inbertitu ditu Donostiako klima babeslekuen sarean, eta, horren bidez, 1.000 zuhaitz eta zuhaixka landatu ditu hiriko zazpi eremutan, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak azaldu duenez, “zuhaitz masa handitzeko, klima aldaketara hobeto egokitzeko eta herritarrei itzal egiteko espazioak eskaintzeko”. “Klima babeslekuen sare horrekin Donostia eta Gipuzkoa hiri eta lurralde berde eta erresilienteago bihurtzen ari gara”, nabarmendu du zuen Asensiok astelehenean, Carlos Garcia Donostiako Udaleko Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziarekin batera, Altzako Eguzkitzako gainera egindako bisitan.
Hain zuzen ere, Eguzkitzako gaina da zuhaitzak landatu dituzten guneetako bat, bertan 446 zuhaitz landatuta. Beste seiak hauek dira: Igeldoko Erregenea (217), Igeldoko Marbil Satrustegi Dorrea (71), Intxaurrondoko inguruko Ametzagaina-Uba eremua (50), Altzako Larres parkea (100), Aieteko Arbaizenea ingurua (58) eta Ulia (59).
Landaketa horietarako hautatutako espezieak zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak dira, hala nola, elorri zuria, intsusa, hurritza, gereziondoa, pinua, itsas pinua, astigar txikia, urkia, artea, gurbitza, elorri beltza eta zuhandorra. Espezie horiek “biodibertsitatea hobetzeko, CO2 xurgatzeko eta tenperatura handiko garaietan babes klimatikoa eskaintzeko duten gaitasunagatik” hautatu dituztela azaldu du aldundiak.
Egitasmoaren garrantzia nabarmendu zuen asteleheneko bisitan, baita ere, Garciak: “Hiriko zuhaitz masa garrantzitsua da eta udalak bereziki zaindu behar du, altxor natural horrek ematen dituen aberastasuna eta onurak ulertuta. Donostiak babesleku klimatikoen sare bat du, udal zentroetatik, kultur etxeetatik eta kiroldegietatik abiatuta, eta, gainera, oinezkoentzako ibilbideak daude zuhaitzarekin, babes eta balio gisa, tenperatura handiko egoeretan babesa bilatzeko”.
Gogoratu behar da, hala ere, Altzako berdegune handienean, Auditz Akularren, 3.000 etxebizitza eraiki nahi dituela Donostiako Udalak, zuhaitzak landatu berri dituzten zona batzuetatik gertu. Hala aurreikusten du 2010eko hiri antolamenduko plan orokorrak (HAPO) eta HAPO berriaren aurrerakinak.