Maitasunari eta zaintzari buruzko «tragikomedia absurdoarentzat» Antzerki Saria

“Zuk esan diozu?”. Galdera horrekin abiatzen da Zorretan antzezlana. Miren Gaztañagak galdetzen dio bere bikotekideari [Jabi Barandiaran], itxuraz, Gaztañagaren ama den Iñake Irastortza haiekin bizitzera gonbidatu dituelako. Gaizki ulertu horrek “maitasuna eta zaintzari buruzko tragikomedia absurdoa” sortzen du, Agurtzane Intxaurragaren hitzetan.-
Bada, Hika Teatroaren Zorretan antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko 25. Donostia Antzerki Saria.
Epaimahaiaren iritziz oso “modu egokian” daude ekarrita taulara antzezlanean jorratzen diren gaiak: amatasuna, ama-alabaren arteko harremana, zaintza, maitasuna, dolua…Gaiari “beste begirada” bat eskaini izana da goraipatu dena: “Ama-alabaren arteko harremanei, zaintzari edo maitasunari buruz gizartean errotuta dagoen iritzia edo ikuspegia zalantzan jartzen ditu antzezlan honek, eta hausnarketa sorrarazten du horren inguruan”.
Publikoaren saria, aretoak betetzea
Intxaurragak eskerrak eman dizkio udalari sari hau sortu eta mantentzeagatik, euskarazko antzerkia sustatzeko dagoen sari bakarrenetakoa, baita. Era berean, gogora ekarri du publikoaren harrera izugarria izan dela eta aretoak beteta ikustea ez dela ohikoa, eta hori izan dela “benetako saria”.
Zorretanen helburua bakarrik unorea lantzea izan zela adierazi du Intxaurragak, baina eboluzioa beste bat izan da: “Ezin izan diot uko egin bizitzari. Batzuetan drama, bestetan absurdoa eta komedia hutsa da”. Aktoreek testuan sinistu izana eskertu du, horri esker gorpuztu delako obra.
Hiru aktoreek eskerrak eman dizutze eta “bidaia interesgarria” izan dela kontatu dute. Barandiaranek ere gogora ekarri du publikoaren erantzuna, “Ez da maiz ikusten horrelako erantzunik”. Aktoreak gaineratu duenez, “herri honen berezitasun handiena ez da kulturzaletasuna”. Honela,”beste gauza batzuez soilik kezkatzen den botereari” erakusten zaio “kultura beharrezkoa dela egunerokotasunerako”.
Prentsaurrekoa amaitu aurretik, Zorretan obrak Max sarietarako sei hautagaitzetan sailkatua izan dela iragarri dute, baita Susa argitaletxearen bidez obra liburu batean argitaratuko dutela ere.
Euskarazko antzerkia gora
Donostia Antzerki Sariaren 25. urteurrenak datu onak dakartza Donostia Kulturak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak euskarazko helduentzako antzerki profesionala sustatzeko apustua egin zuten 2.000.urtean Donostia Antzerki Saria sortuz. Garai hartan, euskarazko antzezlan gutxi eskaintzen zen Donostian eta konpainia profesionalen euskarazko produkzioa ere urria zela gogoratu du Jon Insausti Kulturako, Euskarako eta Turismo zinegotziak. “Duela 25 urte abian jarritako Donostia Antzerki Sariak euskarazko antzezlanen sorkuntza sustatu eta urteko programazioa areagotu eta egonkortzea zuen helburu. 25 urte beranduago helburuak neurri handi batean bete direla esan genezake: Lehen edizioan zazpi antzezlan eta hamahiru emanaldi eskaini baziren, hogeitabosgarren edizioan hogei antzezlan eta 45 emanaldi eman dira”.
Urtean zehar Donostian euskarazko antzezlanak ikusteko aukera handia dago.Aurtengo lehen hiru hilabetean, urtarriletik martxoaren bukaerara, euskarazko hamar antzezlan eskainiko dira gure hirian, eta egindako eskaintzari publikoak ondo baino hobeto erantzuten diola azaldu du Insaustik. “2023an eta 2024an 11.000 ikusletik gora joan da helduentzako euskarazko antzezlanak ikustera. Pandemiak, pantailek eta aisialdi modu berriek ez dute zapuztu euskarazko antzerkiak Donostian duen harrera ona eta nabarmendu nahiko nuke zenbait konpainiek publiko gaztea erakartzeko duten ahalmena. Sektorearen egoera zaila den arren, Donostiako egungo datuak onak dira eta Donostia Antzerki Sariak egindako bideak emaitzak eman ditu
Hika Teatroak 12.000 euro eta Juan Ignazio Mendizabal Mendi artistaren eskultura jasoko ditu sari gisa. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Viktoria Eugenia Antzokian. Horren ostean, saria emango zaio Hika konpainiari eta lan irabazlea eskainiko da ondoren. Galarako gonbidapenak martxoaren 25ean egongo dira eskuragarri antzokiko leihatilan, goizeko 11:30etik aurrera.